Naiara Arrizabalaga Uriarte Matematikaria

“Galdera bat egiten duzun unetik, erantzuna jakin nahi duzu”

2015/06/05 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Arg. Naiara Arrizabalaga

Naiara Arrizabalaga matematikariak onartu  du ez dela ohikoena matematikaren alde egitea unibertsitateko ikasketak aukeratzean. "Baina niri beti gustatu zaizkit zientziak, eta ohartu nintzen, zientzia guztien atzean, matematika zegoela. Horrek atentzioa eman zidan", azaldu du. Argi omen zuen ez zuela nahi ordenagailu aurrean egunean zortzi orduz egotea ekarriko liokeen lan bat. Gainera, matematikariei karrerari buruz galdetuta, ez omen zuten argibide handirik ematen, baina, gainerako ikasketekin alderatuta, oso desberdina zela esaten omen zioten. "Horrek ere jakin-mina piztu zidan".

Jakin-minak bultzatuta hasi zen, beraz. "Eta, behin hasita, guztiz harrapatu ninduen", aitortu du, irribarrez. Haren esanean, matematikak badu zerbait oso berezia: "matematikan, zerbait frogatuz gero, betiko da egia". Ideia horrek liluratu egiten du Arrizabalaga.

Azaldu duenez, matematika teorikoa betitik izan du gustuko, bereziki, analisia: "Ikasgai horiek ikastea niretzat ez zen lana, gustura egiten nuen. Eta azken urtean, irakasle batek doktore-tesia egitea proposatu zidan. Eta pentsatu nuen, zergatik ez?".

Hala, tesia egiten hasi, eta 2012an bukatu zuen. "Tarte hori niretzat oso gogorra izan zen. Kolpe bat jaso ondoren, nire onera etortzen hasi orduko, beste bat jasotzen nuen. Oso-oso gogorra egin zitzaidan. Izan ere, beste diziplina batzuetan ere, ez duzu beti lortzen nahi zenuen emaitza, baina agian esperimentua baliagarria zaizu ikusteko zer egin duzun gaizki eta nondik  jo dezakezun hurrengoan. Matematikan, ordea, edo frogatzen duzu edo ez. Horregatik, tesia bukatzean sekulako arindua sentitu nuen".

Horren ondoren, ikertzen eta ordezkapenak egiten aritu da. Orain, irakasle atxikia da, eta bi jarduerekin jarraitzen du: ikertzen eta irakasten. Dioenez, bietan aritzen da gustura, baina etsipenez onartu du gogorra egiten zaiola ez izatea nahi adina denbora batean zein bestean sakontzeko.

Hala ere, gehiago dira alde onak, txarrak baino. Adibidez, atsegin du ikasleek interesa dutela baieztatzea: "Ikusten duzunean ikasle bat motibatuta, jakin nahian zalantzak galdetzen... Edo esaten diezunean taldean egiteko lana, eta ikusten dituzuenean eztabaidatzen, argudioak ematen, eta zuk bideratzen dituzunean, eta erakusten diezunean beste era batera pentsatzen... Horrek asko asetzen nau".

Ikerketan, berriz, emaitza erdiestea da beretzat pozgarriena. "Galdera bat egiten duzun unetik, erantzuna jakin nahi duzu. Eta hilabeteak eta hilabeteak eman ondoren erantzun horren atzetik, ulertzen duzun momentu hori da... ikaragarria [barrez]". Gero, ez da erraza izaten lagunei azaltzea zer den ebatzi duena, baina nahikoa izaten du esatearekin, azkenean, lortu duela hainbeste denboran bilatzen zuena.

Etorkizunera begira, bere egoera oraingoa baino egonkorragoa izatea nahiko luke: "Gustatuko litzaidake ikerketan eta irakaskuntzan jarraitzea, baina presio gehigarri hori gabe. Izan ere, orain lanean ari naiz, baina ez dakit hemendik gutxira lana izango ote dudan". Horrekin batera, espero du esperientziarekin ikastea biak hobeto uztartzen, hori baita bere buruhausteetako bat.

Bestalde, tarteka, egonaldi laburrak egin nahiko lituzke beste unibertsitate batzuetan. "Tesia amaitutakoan Bartzelonako Unibertsitatean egon nintzen, eta orain Helsinkira noa, aste batzuetarako, ikerketan apurtxo bat aurreratzeko. Datorren urtean ere, gustatuko litzaidake hilabete gutxi batzuk igarotzea atzerrian, ikertzaile gisa hazteko".

Naiara Arrizabalaga Uriarte
Amorebieta-Etxanon jaioa, 1983an. Euskal Herriko Unibertsitateko doktorea Matematika programan; unibertsitate berean Matematikan lizentziatua. Ordezko irakasle lanak Parisen eta Bartzelonan egindako ikerketa egonaldi laburrekin tartekatu ondoren, irakasle atxikia da Zientzia eta Teknologia Fakultateko Matematika Sailean, eta bertan egiten ditu irakasle- eta ikertzaile-lanak.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia