}

Galdakao Martera iritsi da

2003/02/05 Elhuyar Zientzia

Nazioarteko Astronomia Elkarteak Galdakao izena eman dio Marteko krater bati. Marteko krater handienek astronomo eta zientzialari garrantzitsuen izenak jaso dituzte, baina txikienei 10.000 biztanle baino gutxiago dituzten herrien izenak ari zaizkie ematen.

1997an, EHUko katedradun Xabier Orue-Etxeberriak krater horietako bati bere herriaren izena emateko eskaria egin zuen eta, bost urte geroago, ametsa bete du. Galdakao kraterra Marteren hego-hemisferioan dago eta 35 kilometroko diametroa du.

Agian, heldu den urtean berriz agertuko da Galdakao egunkarietan, Xabier Orue-Etxeberriak esan duenez, Martera aurten bidali nahi diren ibilgailuak marteratzeko lau gune posibleetako baten ondoan baitago, Gusev krater handiaren ondoan, alegia.

Bitxikeria honen inguruan Galdakaoko Udalak zientzia apur bat dibulgatu nahi izan du, eta larunbaterako, hilak 8, Marteri buruzko hitzaldia antolatu du. Hitzaldia Marten aditua den Francisco Anguita geologoak emango du, eguerdiko hamabietan, Torrezabal kultur etxean.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia