Gainazalen bidez ez; batez ere, aerosolen bidez transmititzen da SARS-CoV-2a

2021/02/02 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Arg. Alexandra_Koch, Pixabay

Orain arteko ebidentzietan oinarrituta, SARS-COV-2 birusaren transmititzeko modu nagusia arnasbideetatik igortzen diren tantaxkak eta aerosolak inhalatzea dela berretsi du Nature zientzia-aldizkariak, webgunean argitaratu duen artikulu batean. Horrekin batera, gogorarazi du, berez ezinezkoa ez bada ere, oso arraroa dela gainazaletan eta objektuetan egon daitezkeen birusen bitartez kutsatzea.

Duela urtebete, ordea, dena zen ezezaguna, eta, badaezpada ere, garbiketa- eta desinfekzio-protokolo zorrotzak ezarri ziren, eta oraindik ere ukitzen diren objektuak eta gainazalak maiz garbitzeko gomendioa ematen dute erakunde gehienek. Alabaina, birusaren transmisioa eteteko askoz ere eraginkorragoa litzateke ahaleginak eta baliabideak aireztapena hobetzera bideratzea.

Artikuluaren arabera, birusaren RNAk luze iraun dezake objektu eta gainazaletan. Hala, hasiera batean, agerraldiak izan diren lekuetan detektatu izanak transmisio-bide garrantzitsua izan zitezkeela pentsarazi zien zientzialariei. Baina RNAk bere kabuz ez du infekziorik eragiten. Eta koronabirus osoak objektu eta gainazaletan irauteak ere ez du esan nahi pertsona bat infektatzeko eta bere zeluletan barneratzeko ahalmena duenik. Haiek ukitu arren, ahora edo begietara eraman ezean, nekez iritsiko dira inor infektatzera.

Hala ere, ezin da guztiz baztertu, eta leku askotan jarraitzen dute garbiketa-protokolo zorrotzekin, baina eskuak garbitzea eta aurpegia ez ukitzea nahikoa izan daiteke gainazal eta objektuetan egon daitezkeen birusen bidez ez kutsatzeko.

Artikuluak garbi dio: “jendea da kezkatzekoa, ez gainazalak”. Hain zuzen, superkutsatzaileen fenomenoa, COVID-19aren ezaugarrietako bat, jende-pilaketekin eta aireztapen eskasarekin dago lotuta. Pilaketak saihestea, maskara janztea, aire librean edo ondo aireztatutako lekuetan egotea eta besteekiko distantzia gordetzea dira, horrenbestez, neurririk eraginkorrenak.

 

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia