Fusio nuklearrak nahi adina energia
1986/08/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Askoren eritziz, fusio nuklearrak eskain diezaguke etorkizunean nahi adina energia. Hau, gaur egun utopia da, zeren eta ez bait da lortu fusio nuklear kontrolaturik. Hala ere, hamaika ikerlari-talde ari da helburu horretara iritsi nahian mundu osoan zehar.
Joan den abenduan Estatu Batuetako "Sandia National Laboratories" delakoetan aurrerapauso garrantzitsua eman da fusio-energiarantz. Aurrerapausoa PBFA-II akronimoz ezagutzen den munduko partikula-azeleragailu boteretsuenaren pizte arrakastatsua izan da. Azeleragailuak ioi-sorta bat oso denbora laburrez (50 segundo-milamilioirenez) igortzen dio diodo bati. Diodoa argazkian ikusten den saio-zulogunean kokatuta dago.
%70eko kapazitatera piztu zen. PBFA-IIa 100 bilioi Watt igortzeko diseinatua dago, hau da, Lur osoko indar-planta guztien aldiuneko potentzia guztia baino gehiago.
Garatze-lana gehiago burutu ondoren azeleragailuak sortutako ioi-sortaren itua, ilar baten tamainako deuterio eta tritiozko erregai-pastila bat izango da. Sandiako zientzilarien ustetan, sortaren potentzia ikaragarriak erregaia 1000 aldiz konprimatuko du eta 100 milioi gradu zentigraduraino berotuko. Honela ignizioa gertatuko da, hots, leherketa termonuklear txiki eta kontrolatua. Azkenean, saio honek fusio-erreaktorea garatuko luke.
Marrazkiak, PBFA-IIk duen tamaina itzelaz oharterazten gaitu. Tresna honek 33 m diametroko gurpilaren itxura du. Gurpila, 36 modulutan zatitua dago, bakoitzean kondentsadore eta beste tresna elektrikoak daudelarik. Modulu bakoitza, erdiko zulogunearekin konektatuta dago. Zulogunearen erdian huts-ganbara bat dago eta horretan jarriko da deuterio eta tritiozko erregaia. PBFA-IIa piztutakoan, 36 moduluek batera ematen diote potentzia huts-ganbarari. Hoztaile modura, olioa eta ura erabiltzen dira, bakoitzak bere tanga bereziak dituela. Tanga hauek hustuz gero 2213 piszina olinpiko bete litezke.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia