}

Franklin, Benjamin

1995/08/02 Azkune Mendia, Iñaki - Elhuyar Fundazioa | Kaltzada, Pili - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

(1706-1790)

Zientzilari eta politikari iparramerikar hau Massachusetts estatuko Boston hiriburuan jaio zen 1706ko urtarrilaren 17an. Hamazazpi anai-arrebetan hamabostgarrena zen bera eta bizitza osoan zehar ofizio askotan lan egin zuen; idazle, inprimatzaile, politikari, diplomatiko eta zientzilari izan baitzen.

Asmakuntza batzuk egin zituen berogailuak eta betaurreko bifokalak hobetzen, baina zientzi arloan elektrizitatean ezarri zituen aurrerapenik garrantzitsuenak. Elektrizitate estatikoa fenomeno liluragarria zen, XVII. mendean Otto von Guericke fisikari alemanak marruskadurazko lehen makina elektrikoa egin zuenez gero. 1745. urtean, Coloradoko Leydengo Unibertsitatean ontzi berezia asmatu zuten. Beirazko ontzia zen; barrutik metalez forratua eta erdian metalezko barratxo bat zuena. Marruskadurazko makinaz sortutako karga elektriko asko biltzen ziren barruko forro metalikoan eta norbaitek erdiko barratxoa ukitzen bazuen, deskargak sortutako astindua ez zitzaion egun batzuetan ahazten. Leydengo ontziari metalen bat hurbiltzen zitzaionean gainera, txinparta txiki bat saltatzen zen, airean zaratatxo bat ateratzen zuelarik.

Zientzilari asko ari zen Leydengo ontziarekin saiakuntzak egiten, baina Franklini ideia bitxi bat etorri zitzaion burura. Aireko txinparta eta zarata hura tximista eta trumoi txiki bat besterik ez zirela pentsatu zuen. Leydengo ontzi ikaragarri batean Lurra eta hodeien arteko karga elektrikoen trukea ez ote ziren zeruko tximista eta trumoiak?

Benjamin Franklinek saiakuntza berezi bat egin zuen 1752. urtean ekaitz-egun batean. Kometa bat askatu eta airean goian eduki zuen zetazko hari batez eutsirik. Kometak goiko partean puntadun alanbre bat zeukan eta zeruan elektrizitaterik bazegoen alanbre hark erakarrita kometa kargatu egingo zen. Zetazko hariaren beheko muturrean kometak helduleku metaliko bat zeukan eta Franklinek eskua bertara hurbildu zuenean txinparta saltatu zitzaion, Leydengo ontzian bezalaxe.

Franklinen kometak jendea txunditurik utzi zuen eta bere saiakuntza media "Royal Society"-ko partaide egin zuten. Beste bi zientzilari ere saiatu ziren kometaz Franklin bezala ekaitzean, baina zoritxarrez biak tximistak iota hil egin ziren. Franklinek berebiziko zortea izan zuen, ez baitzekien bere saioa hain arriskutsua zenik.

1747. urtean Franklinek sumatu zuenez, Leydengo ontzia errazago deskargatzen zen erdiko barratxoari pieza puntazorrotza hurbiltzen bazitzaion. Bazirudien puntak karga elektrikoak erakartzen zituela. Beraz, etxetako teilatutan barra puntazorrotzak ipini eta barra horiek lurrera konektatuz gero, hodeitako karga elektrikoak (tximistak) eraman zitezkeen lurreraino edifizioek arriskurik jasan gabe.

Franklinek "tximistorratzak" erabilita emaitza onak lortu zituen eta 1782. urterako Philadelphiako laurehun edifiziotan tximistorratzak ipinita zeuden.

Franklinen garaian bazekiten bi elektrizitate-mota zeudela. Anbarezko bi barratxo igurtzita elektrizatu egiten dira eta elkar aldaratu egiten Jute. Gauza bera gertatzen zaie beirazko bi barratxori ere. Baina anbarezko barratxo elektrifikatuak eta beirazkoak ez dute elkar aldaratzen, baizik eta elkar erakarri egiten dute.

Franklinek fenomeno hori elektrizitatea fluido baten sobera edo falta zela esanda esplikatu zuen. Fluidoa soberan zuen piezak falta zuena erakar zezakeen eta bi elektrifikazioak neutralizatu egin zitezkeen.

Franklinek adierazi zuenez, fluido-soberari elektrizitate positibo deitu behar zitzaion eta faltari elektrizitate negatibo. Gaur egun elektrizitatea partikula azpiatomikoen bidez (eta batez ere elektroien bidez) adierazten da eta badakigu Franklinen elektrizitate positiboa elektroi-falta dela. Elektrizistak zirkuitutan korronte elektrikoa borne positibotik negatiborantz joaten dela kontsideratzen du, baina fisikariak badaki elektroiek alderantzizko bidea dutela.

Benjamin Franklin Ameriketako ekaitzak aztertzen ere aritu zen. Atlantikoaren iparraldean dagoen ur berozko Golkoko korrontea adibidez, berak aztertu zuen lehen aldiz.

Estatu Batuen sorreran politikari eta diplomatiko gisa parte hartu zuen. Britainia Haunditik Iparrameriketako koloniak bereizi zirenean, Independentzi Aldarrikapena idazten lagundu zuen Franklinek. 1776. urtean Frantziara etorri zen diplomatiko gisa kolonien alde laguntza militarra eta finantzarioa eskatzera.

Benjamin Franklin Pennsylvaniako Philadelphian hil zen 1790.eko apirilaren 17an.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia