Fluoreszentzia-bidezko metodo erraz bat garatu dute ultzera diagnostikatzeko

2014/01/10 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Ultzera eragiten duen bakterioa fluoreszente bihurtzeko metodoa garatu dute. Arg. Yutaka Tsutsumi/Fujita Osasun Unibertsitatea

Ultzera diagnostikatzeko metodo seguru eta ez-inbasibo bat garatu dute Hego Danimarkako Unibertsitatean.  Urdailean ultzera eragiten duen bakterioa fluoreszente bihurtzean oinarritzen da, horri esker, ez da beharrezkoa tresneriarik sartzea urdailera, lagin bat hartu eta analizatzeko.

Beste metodo ez-inbasibo bat ere badago lehendik, arnasa analizatzean oinarritua, baina ez da oso zehatza. Aldiz, ikertzaileek adierazi dutenez, haiek garatutako metodoa erabat zehatza da, pazientearentzat erosoa, eta, gainera, diagnostiko goiztiarra egiteko aukera ematen du. Hala, diagnostikoa goiz eginda, ultzera sortzea ez ezik, minbizia garatzea ere prebeni daiteke.

Hain zuzen ere, ultzera eragiten duen bakterioa, Helicobacter pylori, fluoreszente bihurtzen duen molekula bat garatu dute ikertzaileek. Helburua ez zen erraza, molekulak gai izan behar baitu bere funtzioa betetzeko urdaileko kondizioetan, hau da, 37 gradutan eta ingurune oso azidoan. Azkenean, LNA (Locked Nucleid Acid) molekulen bidez lortu dute hori. LNA molekulak RNAren antzeko molekula sintetikoak dira; ez dira toxikoak, bakterioaren mikroRNArekin hibridatzeko gaitasuna dute, eta oso egonkorrak dira.

Hala ere, erabiltzen hasterako ezinbestekoak diren xehetasun batzuk landu behar dituzte, adibidez, nola ikusi bakterioek igortzen duten fluoreszentzia. Ikertzaileek aurreratu dutenez, sendagileek urdailera bidalitako mikrokamara bat erabil dezakete horretarako, baina oraindik ez dute egin proba. Molekulari buruzko ikerketa PLOS ONE aldizkarian argitaratu dute.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia