}

Ez gara nahikoa egiten ari berotze globala 1,5 °C-ra mugatzeko

2022/06/23 Etxebeste Aduriz, Egoitz - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

ez-gara-nahikoa-egiten-ari-berotze-globala-15-c-ra
Arg. JuergenPM/Pixabay

Gaur egun klima-aldaketaren aurka hartzen ari diren neurriak ez dira nahikoa izango 2015eko Parisko hitzarmenean jarritako helburua betetzeko, alegia, berotze globala 1,5 °C-ra mugatzeko. Ondorio hori atera dute Science aldizkaria argitaratu duten azterketa batean. Aldizkariak klima larrialdiaren inguruko bilduma berezi batean argitaratu dituen lanetako bat da.

Giza jardueren eraginez tenperatura globala 1,25 °C igo da dagoeneko, eta, azterketa horren arabera, egungo isurketen joerak iradokitzen du 1,5 ºC-ko muga 10 urte baino lehen gaindituko dugula. CO2 isurketen hazkuntza-tasa globalak behera egin duen arren, eta herrialde askok isurketa-helburuak estutu dituzten arren, ebidentzia guztien arabera, munduak oraindik ez du serioski hartu 1.5 ºC-ko helburua betetzea.

Gainera, lanak agerian uzten du helburu hori lortzeko oztopo nagusiak ez direla geofisikoak, gure sistema politiko eta teknologikoen inertziak baizik; eta inertzia horiek gainditzeko, politikarien eta enpresen lidergoa ezinbestekoa dela.

Bildumako beste lan batean, berriz, elikadura-sistema aztertu dute. Hain zuzen ere, berotegi-efektuko gasen iturri garrantzitsuenetako bat izanik, klima-aldaketari gehien eragiten dioen arloetako bat da, eta, aldi berean, baita harekiko ahulenetakoa dena ere. Azterketaren egileen arabera, berotegi-efektuko gasak murrizteko aukerak ugariak diren arren, eraldaketarako oztopo handiak daude: interesak, botere-desorekak, eta, ikuspegi eta erabaki bateraturik ez izatea, besteak beste. Eta azpimarratu dute, kasu honetan ere, ez badira berehala prozesu eta politika berriak ezartzen, ezinezkoa izango dela Paris 2015eko hitzarmeneko helburuak betetzea, eta, gainera, elikadura-segurtasuna ere arriskuan egon daitekeela.

Bi lan horiez gain, klima-larrialdiari aurre egiteko aukerak eta erronkak aztertu dituzte, beste hainbat artikulutan; zenbaki bereziari eman dioten izenburuak dioen moduan, “Ekiteko garaia” baita.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia