Euskal Herriko kostaldea (III): Bizkaiko padurak
1995/04/01 Estonba Mintxero, Mikel Iturria: Elhuyar aldizkaria
Bizkaiko itsas padurak banan-banan aztertu aurretik, interesgarria da lurralde honen sare hidrografikoak dituen berezitasunak aipatzea, hauek eragin zuzena baitute itsasadarrengan.
Gipuzkoako kasuan, ibai guztiek hegoalde-iparralde norabidea duten bitartean; Bizkaian, egitura geologikoak hegoekialde-iparmendebalde norabidean sinklinorio duelako, berezitasunak ditu: lurralde honen ekialdean itsasoratzen diren ibaiak, hegoalde-iparralde norabidea dute eta luzera txikikoak diren bitartean, sinklinorioaren norabidea jarraituz ubidea zizelatzen duen Ibaizabal ibaiak gainerakoekiko ia norabide perpendikularra du eta luzera handikoa da.
Gainerakoek ez dute Gipuzkoarekiko berezitasun nabarmenik, Nerbioi, Agúera eta Barbadun ibaiak, Atlantiarreko eta Mediterranioko isurialdeen arteko banalerroan jaiotzen diren edozein ibai kantauriarrekin konpara baitaitezke. Azter ditzagun orain itsasadar hauek banan-banan.
Artibai
Oitz mendiaren iparraldeko maldetan jaiotzen den 20 kilometro eskaseko ibai hau, Euskal Herriko arrantza-portu nagusienetakoa den Ondarroako herrian itsasoratzen da.
Bokalearen estugunea dela eta, gizakia padura eta dunen gainean ezarri zen hasiera-hasieratik, portuak eta herriak azken urte hauetan izan duten hazkunde ikaragarrien ondorioz, dunak erabat suntsitu egin dira eta padura minimoetara murriztu da. Azken aztarna hauek ere mehatxupe daude Ondarruko bariante berria bertatik pasa nahi baitute.
Debako kasuan bezala, azken aztarna hauek zaintzeak eta ahal den neurrian berreskuratzeak, lehentasuna izan beharko luke, gure ondare ekologikoaren zati garrantzitsuak baitira.
Lea
Aurrekoaren modura, Lea ibaia Oitz mendiaren iparraldeko maldetan jaiotzen da eta 20 kilometro inguruko ibilbidea egin ondoren, Lekeitioko badia zoragarrian itsasoratzen da, artadiz betetako Lumentxa mendiak sortzen duen mehargune ikusgarria zeharkatu ondoren.
Jaiotzan eta ibilbidean Artibai eta Lea ibaiek antzekotasun handia badute ere, itsasadarretan nahikoa desberdinak dira, Learen kasuan itsasadarrak ez baitu aldaketa bortitzik jasan. Ondorioz, bere padura Euskal Herrian ikus daitekeen ederrenetarikoa eta aldi berean ezezagunetarikoa dela beldur gabe esan dezakegu.
Hala ere, nahiz eta padura hau Eusko Jaurlaritzako ingurugiro Sailordeak egindako Euskadiko natur barrendegien katalogoan jasota egon eta Hezeguneen Lurralde Egitamu Sektorialen arabera, babestu beharreko hezegunea izan, Bizkaiko Foru Aldundiak Lekeitioko uren saneamendurako depuradora, bertan ari da eraikitzen. Harrigarria benetan!
Urdaibai
Bizkargi eta Oitz mendien maldetan jaiotzen den Oka ibaiak, Urdaibai izenaz ezagutzen den itsasadar zabal eta zoragarria sortzen du Gernika eta Mundaka herrien artean.
Harrigarria bada ere, itsasadar honek, Euskal Herriko gainerakoekin gertatu ez den modura, bere egitura naturala mantendu egin du, eta bere urak inolako kanalizaziorik gabe, limo eta hondarretan meandro zabalak eratuz itsasoratzen dira.
Giza eragin txikiaren ondorioz, Urdaibaiko padurak, gaur egun arte bederen, landaredi halofitoen ordezkaritzarik handiena eta biodibertsoena edukitzeaz gain, hegazti-dentsitate altua eta dibertsitate handia eskaintzen digu, migrazio-garaitan batik bat.
Baina Urdaibaik duen balio ekologikoa ez da bere padurara mugatzen, itsasadarra inguratzen duten mendietan (Atxerre, Ereñozar, etab.) Euskal Herriko kostaldeko Atlantiar isurialdeko artadi hedatuenak eta hobekien kontserbatutakoak baitaude.
Guzti honi esker, Urdaibain, kilometro karratu gutxiko eremuan, ongi egituratutako ekosistema desberdin ugari aurkitzen da: padura, artadia, landa, haltzadia, itsas labarrak, etab.; honek, itsasadarraren biodibertsitate ikaragarriaren arrazoiak ulertzen laguntzen digularik.
Balio guzti hauen ondorioz eta baita 70. hamarkadan Bizkaiko Foru Aldundiak itsasadarra antolatzeko prestatu zuen proiektu basatiaren aurka talde ekologistek egin zuten lan eta presioaren ondorioz, 1984. urtean UNESCOk “Biosferaren erreserba” izendatu zuen Urdaibai, Euskal Herriko altxor ekologiko honen kontserbazioari sekulako bultzada emanaz.
Baina, Biosferaren erreserba izendatzeak ez zuen kontserbazio-neurririk martxan jartzea berarekin, eta bitartean hainbat erasok eta mehatxuk arriskuan jartzen zuten erreserba; hala nola turismo eta eraikuntzen emendioa, dragaketak, lehorketak, marisko-bilketa inkontrolatua, isileko ehiza, etab. Erraz antzeman zitekeen beraz, inguru zoragarri hau mantenduko lukeen ordenazio-legea behar zela. Kostata baina, iritsi zen azkenik.
UNESCOk Urdaibai Biosferaren erreserba izendatu zuenetik, bost urte pasatu behar izan zuten Eusko Jaurlaritzak, 1992. urtean, Urdaibaiko Biosferaren erreserbarako babes- eta antolaketa-legea aprobatu artean.
Une honetan, guztion gustukoa ez bada ere, legeak agintzen duen Erabilpen eta Kudeaketarako Plana onartu egin da, bertan babes-figura desberdinen bidez, erreserbako baliabideen erabilpena erregulatzen delarik.
Aipagarria da bestalde, 1992. urtean, planetako hezegunerik garrantzitsuenak babestea helburu duen RAMSAR konbenioak, Urdaibai bere zerrendan sartzea erabaki zuela, hezegune honi nazioarteko onespen berria emanaz.
Butroe
Butroe ibaiak Gorliz, Barrika eta Plentziako eremuetan eratzen duen itsasadarraren arazo nagusia Urdaibaitik gertu egotea da, Urdaibairen ospeak itzal egin baitio Plentziako itsasadarrari, duen balio ekologiko handia ia ezezaguna bilakatuz.
Hala da, Urdaibairen ondoren, Euskal Herriko gainerako itsasadarrek duten egoera kontutan hartuz, Plentziakoa Txingudiren parean kokatu beharko litzateke. Eskualde honek duen biztanle-dentsitate txikiak, bokalearen azken zatia kanalizatuta egotea galarazi ez badu ere, padura-eremu zabalak (Junkera, Isuskizako meandroa,...) eta garai batean nekazaritza-ustiaketarako erabilgarriak bihurtu asmoz mareen eragina galdu duen arren, gaur egun hezegune halofitoen ezaugarriak berreskuratu duten zenbait zona mantendu egin ditu.
Azken hauen artean, aipamen berezia merezi du Txipio ibarrak. Egun, Plentzia-Barrika errepidea eraiki zelako itsasadarrarekiko lotura galdu zuen hezegune zabal eta zoragarri honek, zoritxarrez ospe handia hartu du azken hilabete hauetan, Zumaian bezalaxe, kirol kaia eraiki nahi baita bertan.
Ez dago berriro esan beharrik, baina ekologiaren ikuspegitik astakeria galanta litzateke Txipion horrelako azpiegitura eraikitzea. Gainera, beste hainbat aspektu sozio-ekonomiko eta sedimentologikoek ere, kolokan jartzen dute proiektu honen bideragarritasuna.
Kasu honetan ere, Eusko Jaurlaritzako Ingurugiro Sailordearen eskutik dator itxaropena, honek egin duen Euskadiko Natur Barrendegien Katalogoan eta baita Hezeguneen Lurralde Egitamu Sektorialean ere, Plentziako padura eta horren barruan Txipio ibarra bereziki, zorrotz babesteko eremutzat agertzen baitira. Auzi honetan razionaltasuna nagusitzea eta Txipio ez desagertzea nahi genuke.
Bilboko itsasadarra
Nerbioi ibaiak Araba eta Bizkaiko mendebaldea eta Ibaizabal ibaiak Bizkaia hegoekialdetik iparmendebaldera zeharkatu ondoren, Basaurin bat egiten dute eta 30 kilometrotan Euskal Herriko portu eta industrigunerik garrantzitsuena osatzen duen Bilboko itsasadarra eratzen dute.
Historiak utzitako lekukotasun grafikoek azaltzen dutenez, bi ibai hauek, eta neurri txikiagoz, itsasadar honetan amaitzen duten hainbat ibai eta errekak (Gobelas, Kadagua, Galindo,...) sortzen zuten padura, Atturrikoarekin soilik konpara zitekeen, bere ornitologi joritasuna, eta oro har, bere balio ekologikoa aparta baitzen.
Zoritxarrez, ekologia bitxi honetaz, gaur egun ez da aztarnarik geratzen, meategien ustiapenari lotuta dagoen industria siderurgikoaren garapenak, azken mende honetan, bere burua elikatzeko populazio- eta industri fluxu ikaragarria sortu baitu. Ondorioz, giza okupazioa erabatekoa izan da, itsasadarra kanal bihurtu delarik.
Bilboko itsasadarrean egindako sarraskiek erakutsi beharko ligukete gure ondare ekologikoarekiko behar dugun errespetua izaten; eta bereziki, gaur egun arte balio naturalak mantendu dituzten Euskal Herriko itsasadarrekiko.
Pobeñako itsasadarra
Barbadun da Euskal Herrian mendebaldeen itsasoratzen den ibaia. Artzentalesko mendietan jaiotzen den ibai honek, meategiz jositako Triano mendietatik datorren Kotorrio errekarekin elkartu, eta Pobeñako itsasadarra eratzen du.
Ibai hauek, bigarrenak bereziki, Bizkaiko meategien eskualdea zeharkatzen dute eta bertako uren kalitatea oso txarra da aspaldidanik.
Padurari dagokionez, 1971. urtean Petronor enpresak bere petrolio-birfindegia paduran eraiki zuenean, sekulako jipoia jasan zuen. Hau dela eta, bere zabalera metro karratu batzuetara mugatua geratu da.
Dena den, Petronor eta Kantabriako bariantearen artean, eta Pobeñaren ondoan kokaturik dauden paduren egoera zoragarriek, kanalizaziorik gabeko ibai-amaiera eta Arenako hondartzaren duna zabal eta xarmangarriekin batera, garrantzi handiko ekologia duen inguru bakarrenetakoa bihurtu dute itsasadar hau.
Balio hauek, padura Ingurugiro Sailordeak Hezeguneen Lurralde Egitamu Sektorialean eta Euskadiko Natur Barrendegien Katalogoan sartzea eragin dute, gizakiaren eraso bortitzak gainditzea lortu duten azken padura-puska hauentzat itxaropen-leihatila irekiz.
Laburbilduz, itsas padurak Euskal Herriko ekosistemarik garrantzitsuenak direla biodibertsitate- eta produktibitate-ikuspegitik esan daiteke. Era berean, ez dago ukatzerik aberastasun honek (kostaldeak eta itsasadarrek bereziki), bizitzarako dituzten aldeko baldintzekin batera, giza ezarpena eragin duela.
Guzti honen ondorioz, inguru hauek bere beharretara moldatzen saiatu da aspaldidanik gizakia, paradoxikoki, giza erakarpena sortu duten balio hariek ia desagertzeraino eraman dituelarik.
Fenomeno hau ikaragarri emendatu da azken hamarkadatan eta ondorioz, oso gutxi dira gaur egun arte kontserbazio-egoera ona mantendu duten padurak. Batzuk erabat desagertu dira eta gainerakoak oso egoera larrian aurkitzen dira.
Dudarik gabe, inguru hauen balio ekologiko itzelak behin eta berriro goraipatu dituzten proiektu-, plan- eta antolaketa-proposamenetik babes-ekintzetara pasatzeko garaia iritsi da, denbora altxor ekologiko hauen iraupenaren aurka baitoa.
Itsasadarren babes-figurak eta bere erabilpena Euskal HerrianNAZIOARTEKOAK RAMSAR ITUNA (1971eko otsailaren 2a)
Aipatzekoa da, hauetatik, Txingudi laster onartua izan daitekeela. RAMSAR itunaren komisiokoek hezegune honi buruz informazio gehiago eskatu baitute eta hurrengo bileran zerrendan sartu ala ez erabakiko omen dute. BIOSFERA-ERRESERBAK Sare honen bidez, mehatxupean dauden ekosistema tipikoen ordezkaririk garrantzitsuenak babestea lortu nahi da. EUROPAKO BATASUNAREN CORINE PROGRAMAK
ESTATALAK ESPAINIAKO UR-PLANGINTZA NAZIONALA Plangintza honek hezegune garrantzitsuenak babestea proposatzen du. Bertan aipatzen direnak: Plangintza honen “Ipar-arroa III” plangintzak garrantzi berezikotzat onartzen du: Eusko Jaurlaritzak ondoko itsasadarrak “Ipar-arroa III” plangintzan garrantzi bereziko hezegunetzat onartuak izatea eskatu du:
KOSTA-LEGEAK Bai Espainiako estatuan, baita Frantziakoan ere, itsaso lehorreko jabetza publikoa zehaztea eta bere kontserbazioa zihurtatzea; itsasoa, bere erribera eta gainerako itsaso lehorreko jabetzaren erabilpen publikoa bermatzea; baliabide hauen erabilpen arrazionala arautzea eta uren kalitate-maila egokia mantentzea dute helburu. Euskal Herriko itsasadar guztiak kosta-lege hauen babesa dute printzipioz. “ARRÊTÉ DE BIOTOPE” Frantziako estatuan erabiltzen den babes-figura honek, bai biodibertsitaterako garrantzia duelako, edota egoera larrian aurkitzen diren inguruak dituelako, hainbat hezegune biltzen du.
GARRANTZIA DUEN EKOLOGIA, FLORA EDOTA FAUNA DUTEN INGURUNE NATURALAK (ZNIEFF) Frantziako estatuak duen babes-figura da.
ORNITOLOGI ALDETIK GARRANTZIZKOAK DIREN INGURUNEAK (ZICO) Frantziako estatuan, ornitologi ikuspegitik garrantzitsuak diren inguruneak babesteko sortu den figura da. AUTONOMIKOAK EUSKAL AUTONOMI ELKARTEKO GARRANTZIZKO BARRENDEGI ETA INGURUNE NATURALEN KATALOGOA Ondokoak daude katalogo honetan:
EUSKADIKO HEZEGUNEEN LURRALDE-EGITAMU SEKTORIALA Ingurune garrantzitsuak babesteko asmoz idatzita dago. Euskal Autonomi Elkarteko kostako hezeguneekin ondoko sailkapena egiten du:
LURRALDE ANTOLAKETARAKO ZUZENBIDEEN PROIEKTUA (LAZ-DOT) Honako babes-figurak dituzte EAEko padurek:
|
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia