}

Europak espaziorako bere kapsula nahi du

1994/03/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Iparramerikarrak eta errusiarrak ados jarri dira aurrerantzean elkarlanean estazio bat orbitan jartzeko. Ralpha deitu diote proiektuari, baina europarrek ere proiektu horretan parte hartu nahi dute. Besteak beste, Hermes hegazkin espaziala utzi egingo dute eta “Ariane 5” jaurtigailuarentzako kapsulak prestatzea espero da. Estazio orbitalera heldu eta handik etortzeko modulu presurizatuei buruzko Columbus programa ere aldatu egin dute.

Espazioko estazioa, irudiko maketan erakusten den moduko CTV kapsulek, hornituko dute eta bertara materialaz gain tripulariak eraman edo ekarri egingo dituzte.

Kapsulak bi motakoak izango dira: CTV (Crew Transfer Vehicle) eta ATV (Automated Transfer Vehicle) motakoak, hain zuzen. Lehenengoek (irudian maketa erakusten da) 500-1.000 kg material eraman ahal izango dute. Espazioko estazioa hauek hornituko dute eta bertara materialaz gain tripulariak (gehienez zortzi aldiko) eraman edo ekarri egingo dituzte. ATV delakoek, materiala baino ez dute garraiatuko.

Bestetik, Europako ESA, Frantziako “Aeroespatiale” eta Alemaniako DASA erakundeak ACR (Assured Crew Return Vehicle) ibilgailua aztertzen ari dira. Bai “Ariane 5” jaurtigailuak eta bai espaziuntziak bidali ahal izango dute larrialdietan (tripulariak gaixotutakoan, matxura larriak izandakoan, etab.etan).

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia