}

Europa Estatu Batuen orbitatik libre

2002/04/21 Mendiburu, Joana - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Europako Batasuneko garraio-ministroek baietza eman zioten GPSaren antzekoa den Galileo nabigazio-sistemari. Zaharrak baino zehatzagoa izateaz gain, aurrekoak ez bezala zibila izango da. Hori bai, inbertsio handia eskatzen du eta proiektuaren inguruko desadostasunak ez dira falta.
Espazio-gaiei buruzko ikerketetarako oso baliagarria izango da Galileo nabigazio-sistema berria.

Espazioarekin loturiko izen bat egotekotan, hori Galileo da. Galileo Galilei (1564-1642) fisikari eta astronomo italiarra izan zen, eta astronomian egin zituen aurkikuntza aipagarrienak, besteak beste, Ilargiaren kraterrak, Saturnoren eraztuna, Artizarraren faseak eta Jupiterren lau sateliteak izan ziren. Gerora, berriz, astronomoaren izena 10 urtez Jupiter eta horren lau satelite handienak ikertzeko eginkizuna txukun bete eta datorren urtean desegingo den espazio-ontziak eduki du.

Baina bat desegin orduko hartzen du Galileo izena beste proiektu batek eta, hortaz, oraindik asko entzungo da Galileoz hitz egitean. Hemendik aurrera, Galileo 30 satelitez osaturiko nabigazio-sistema izango da eta Europako Batasunak eta Europako Espazio Agentziak (ESA) finantzatuko dute.

Galileo gaur egungo GPS sistema estatubatuar ezagunaren antzekoa izango da, baina dirudienez zehatzagoa. GPSak sei metroko zehaztasuna du eta sistema berriak 2 metrokoa izango du. Antonio Rodotà ESAko zuzendariaren esanean, "oso proiektu garrantzitsua da, ESAk eta Europako Batasunak elkarlanean egingo duten lehen proiektua izango delako".

Dena dela, Europako Batasuneko garraio-ministroek Galileori onespena berrikitan eman badiote ere, ESAko zientzialariek denbora asko daramate lan horretan. Lehen satelitea 2004an bidaltzea espero dute, baina martxan lau urte geroago jarriko da; 2008an, hain zuzen ere.

Erabilera anitzeko proiektua

Mendiko ibilbide luzeetan orientazioa ez galtzeko ere baliagarria izan daiteke satelite bidezko nabigazio-sistema.

Galileo 23.626 km-ko orbitan eta ekuatorearekiko 56º-ko angeluan munduari biraka ibiliko diren 30 satelitez osatuta dago. 30 satelite horietatik 27 operazionalak izango dira eta beste 3 erreserban edukiko dituzte. Horrez gain, Europan sateliteen funtzionamendua eta nabigazio-sistema kontrolatuko dituzten bi kontrol-zentro egongo dira.

Baina sateliteak biraka ibiltzea ez da nahikoa. Erabiltzaileak sateliteekiko distantzia kalkulatuko duen hargailua eduki behar du. Dena dela, kokapena zehazteko hargailuak nahikoa du lau sateliteekiko distantzia kalkulatzea; hiruk, longitudea, latitudea eta altitudea zehazteko balio dute eta laugarrenak timing deritzona definitzeko. Timing-ak lokalizazioa zehazki zein unetan gertatu den jakinarazten du. Informazioa sei segundotik behin berritzen da eta, esan bezala, zehaztasuna harrigarria da.

Garraio mota jakin batzuk zuzentzeko eta trafikoa kontrolatzeko erabili ohi dituzte nabigazio-sistemak.

Ulertzekoa den bezala, aplikazioak askotarikoak izango dira, baina GPS estatubatuarra edo Glonass errusiarra bezala, gehienbat era guztietako garraioetan izango da erabilgarria. Sistema horiei esker, hegazkin, itsasontzi, kamioi eta autoen ibilbidea zehazten dira. Istripua gertatu den lekura, esaterako, askoz lasterrago iritsiko da anbulantzia, eta oporretara abiatzean ikaragarriko auto-ilaran denborarik ez galtzeko ere baliagarria suerta daiteke sateliteen informazioa.

Jakina, aurreko bi sistemak europarrok ere erabili ditugun bezala, 30 sateliteon informazioa ere mundu osoan erabili ahal izango da.

Zibila vs. militarra

Galileo nabigazio-sistema eraginkorra izango dela ez da zalantzan jartzen, baina ez da horregatik eztabaidarik gabe onartu den proiektua. Eztabaidak, gainera, bi arlotakoak izan dira. Alde batetik, estatubatuarrek orain arte eduki duten ia monopolio osoa kolokan jarriko duelako, eta, bestetik, 30 satelite egin eta espaziora bidaltzea ez delako lau txakur txikirekin egiten.

Proiektuaren aurrekontua 3.200-3.400 milioi eurokoa da, eta Europako Batasunak eta ESAk adostu dutenez erdibana ordainduko dituzte gastuak. Politikoen iritziz, proiektu horrek Europako industria espaziala suspertu egingo du eta, gainera, 100.000 lanpostu berri inguru ere sortuko direla kalkulatzen da.

Dena dela, hasiera batean Galileo aurrera eramateko Europako Batasunak inbertsio handiak egin beharko baditu ere, itxura guztien arabera, GPS ez bezala, Galileoren erabiltzaileek ordaindu egin beharko dute.

Baina Galileoren inbertsioez eta sortuko diren lanpostu berri horiez gain, Galileo proiektua hainbeste goraipatu bada, batez ere, Estatu Batuetako GPS sistemari aurre egingo diolako izan da. Izan ere, zehaztasun-mailan irabazi egingo dio eta, gainera, proiektua zibila da.

GPS nabigazio-sistema estatubatuarra eta Glonass errusiarra armadaren esku daude, eta gaur egun oso erabiliak diren arren, armadek edozein mementotan motz dezakete sateliteen informazioa jasotzeko sistema. Estatubatuarren aburuz, etsaiek GPS misilak jaurtitzeko erabil dezakete eta, beraz, edozein mehatxuren edo arriskuren aurrean kontrol hori eduki behar da.

Galileo , ordea, sistema zibila da, ez dago balizko erasoek baldintzatuta eta, beraz, eguneko 24 orduetan etenik gabe erabili ahal izango da. Baina armada ez bada, beste norbaitek finantzatu beharko du eta lehen fasearen aurrekontua adostuta badago ere, erabiltzaileek ordaindu egin beharko dute.

7K-n argitaratua.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia