}

Espazioko belaontzia

2004/08/13 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Eguzkiaren argiak bultzatutako bi belaontzik espazioan ibiltzea lortu dute Japoniako Espazio Agentziakoek . Bidali dituzten espazio-ontzi horiek bereziak dira, ez dute motorrik, eta tolestutako belak daramatzate. Bela horiek behar bezala zabaltzea ez da erraza, baina oraingoan lortu dute.

Eguzkiaren argiak bela horietan jotzen duenean, fotoi bakoitzak energia pittin bat ematen dio belari, eta belaontzia Eguzkitik aldentzera bultzatzen du. Erabilitako energia txikia bada ere, belaontziak abiadura handia har dezake, espazioan ez baitago marruskadurarik.

Japoniako Espazio Agentziak abuztuaren 9an bidali zituen bi belaontziak kohete txiki baten laguntzaz. Jaurti eta 100 segundo pasatu ondoren, 122 kilometrora zegoen kohetea, eta orduan askatu zuen lehenengo belaontzia. Lehenengo hark belak zabaltzea lortu zuen, eta halaxe egin zituen 10 bat metro. Bigarren belaontzia 169 kilometroko altueran askatu zuen. Gero, biak Lurraren atmosferan sartu ziren, eta hura zeharkatzean erre egin ziren.

Horrelako belaontziak egitea ez da batere erraza; batetik, belek azalera handia izan behar dute, eta, aldi berean, ontziak arina izan behar du. Gainera, Lurraren atmosferaren eraginik ez izateko, askoz ere urrutiago eraman behar direla uste dute zientzialariek, lurrazaletik gutxienez 1000 kilometrora.

Gehiago jakiteko:
Planetary Society: Solar Sail
Solar Sails

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia