}

Erreuma-sukarraren sortzailearen atzetik

2002/03/27 Elhuyar Zientzia

Erreuma-sukarra oso kutsakorra den sukar-mota bat da. Urtero 400.000 pertsona kutsatzen dira mundu osoan, eta gaixotzen direnek bizitza osoan gaixotasunaren ondorio diren bihotzeko kalteak pairatzen dituzte.

Gaitz hori Streptococcus bakterioaren M18 anduiak sortua da. Normalean Streptococcus bakterioak sortutako gaitzak tratatzeko penizilina erabiltzen bada ere, andui berezi hori tratamenduarekiko erresistentea da.

Gainera, gaitza atzematea oso zaila da, alde batetik, sintomak Streptococcus-en beste anduiek sortzen dituztenen oso antzekoak direlako eta, bestetik, identifikazio-probek ez dituztelako andui ezberdinak bereizten.

Zailtasun horiek guztiak direla eta, M18 anduiaren kode-genetikoa argitzeko proiektua martxan jarri zen. Orain, lehen emaitzak plazaratu dira, eta nahiko ondorio harrigarrira heldu dira ikertzaileak. Antza denez, Strepetococcus-en beste andui batzuekin konparatuz gero, M18 anduiaren bakterioen geneen %10 arrotzak dira. Gene arrotz horien jatorria aztertzean, fagoen geneak direla konturatu dira. Fagoak bakterioei eraso egiten dieten birusak dira. Beraz, esan daiteke M18 anduiaren bakterioak ere ‘gaixo’ daudela. Gene arrotz horien eraginez lortzen du M18 anduiak penizilinarekiko erresistentzia eta gizakietan gaitzaren eragile izatea.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia