Erradiazioak kaltetutako ADNa aztertzeko testa
2000/10/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Estatu Batuetako Brookhaven Laborategi Nazionaleko ikertzaileek erradioazioak ADN kateetan eragiten dituen kalteak neurtzeko eta identifikatzeko baliagarria den testa asmatu dute. Test berria ADNa kaltetutako puntuetan mozten duen entzimaz baliatzen da; hau da, ADNa edo zelulak irradiatu, entzimak gehitu, zatiak jaso eta kalteak neurtu. Erradiazioaren eraginez ADN kateen helize bikoitza apurtzen zela uste zuten ikertzaileek, baina oxidazioak ere gerta litezkeelako susmoa bazuten. Hori neurtzeko biderik ez zegoen, ordea. Testa erabiliz, kaltetutako ADN zatien % 80an oxidazioak gertatu direla behatu ahal izan dute. Oxidazio-prozesuak, beraz, uste baino garrantzitsuagoak dira. Zelulak kalteak nolako erraztasunez konpontzen dituen edo gorputzeko zelula guztiek erradiazioari berdin erantzuten dioten behatzeko ere balio du testak. Teknika berriak astronautek espazioan jasotzen duten erradiazioaren arriskua zenbatekoa den ezagutzen eta minbiziaren kontrako terapiak hobetzen lagun dezake.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia