}

Erleen dantza

2001/05/31 Elhuyar Zientzia

Erleek taldean lan egiten dute eta batak besteari komunikatzen dio janaria non dagoen. Erleen arteko komunikazio-sistemari buruzko teorietako batek dio erleek bata besteari jarraituz edo usainaren bidez jakiten dutela janaria non dagoen; baina teoria hedatuenak komunikazioa erleen dantzan oinarritzen du. Dantza horretan, janaria zein distantziatara dagoen adierazten dute eta distantzia mugimenduaren abiaduraren proportzionala omen da. Estatu Batuetako ikertzaile-talde bat dantza hori interpretatzeko gai izan da eta ikerketaren emaitzak gaur argitaratu dira Nature aldizkarian.

Ikertzaileek erleei ziria sartzeko modua asmatu zuten: benetan egiten ari ziren distantzia baino gehiago ibiltzen ari zirela sinistarazi zieten. Horretarako hodi estu baten barneteik pasarazten zieten. Erleek igaro duten paisaiaren arabera kalkulatzen dute distantzia; hau da, fluxu optikoan oinarrituta, paisaia zein abiaduratan urruntzen ari den neurtuz nolabait. Behatzailearen posizioa aldatu ahala irudi bat itxuraz zenbat higitzen den adierazten du fluxu optikoak. Hurbileko objektuek urrutikoek baino fluxu gehiago eragiten dute eta horregatik iruditzen zaigu hurbilekoak azkarrago urruntzen direla, adibidez, trenean goazela.

Erleek, ordea, ez dute sakontasuna antzematen, fluxua bakarrik neurtzen dute. Ondorioz, 8 metroko hodi estuaren barnean hegan egitean, distantzia askoz handiagoa ibili zutela interpretatzen zuten, hodiaren paretak oso azkar urruntzen zirelako. Janaria detektatu eta erlauntzera abisua ematera itzultzen zirenean, hurrengo txandako erleak beti urrunegi iristen ziren.

Ikertzaileek kalkulatu dutenez, 8 metroko hodia zeharkatu zuten erleek 72 metro egin zituztela interpretatzen zuten. Hain zuzen, abisua jaso zuten erleak aurrekoen noranzko berean abiatzen ziren eta 70 metro ibiltzen zituzten. Hori ikusita, erleen dantzak kide batek bere ibilbidean antzemango duen fluxu optikoaren informazioa ematen duela ondorioztatu dute ikertzaileek, eta ez ibilbidearen distantzia absolutua.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia