Epaileek karbonoaren isuriak % 25 murriztera behartu dute Herbehereetako Gobernua
2018/10/10 Agirre Ruiz de Arkaute, Aitziber - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Epaitegiek behartu egin dute Herbehereetako Gobernua 2020rako CO2-aren isuriak % 25 murriztera. Urgenda Fundazioak eta 900 herritarrek auzia jarri zioten Gobernuari 2015ean, ez zituelako sinatutako akordioak bete, eta epaitegiak arrazoia eman die. Azkenaldian klima-aldaketa dela-eta erregai fosilen enpresei eta gobernuei jartzen ari diren auzien adibide bat besterik ez da hori, garai batean tabakoaren enpresei jarri zitzaizkienen antzekoa.
Epaileen arabera, Gobernuak ardura du herritarrak jarduera industrial kaltegarrietatik babesteko, baina, isuriak murrizteko orain arte hartutako neurriak ez dira nahikoak. Belaunaldi honen bizitza eta ondorengoena arriskuan jartzea egotzi diete.
Ebazpenaren aurreko egunean aurkeztu zuen IPCCek, hain justu, klima-aldaketaren inguruko txosten berria. Txostenaren arabera, planetak 2030-2052rako gaindituko du berotze globalaren 1,5 ºC-ko muga, eta horrek handitu egingo du muturreko lehorteak, uholdeak eta milioika pertsonarentzako elikagai-eskasiak eragiteko arriskua. Hala, txostenak dio mundu osoko gobernuek “aldaketa azkarrak, irismen handikoak eta inoiz ez bezalakoak” egin beharko lituzketela gizartearen alor guztietan.
Klima-aldaketari buruzko informazio gehiago:
- Elisa Sainz de Murieta BC3ko ikertzailea: "Trantsizio energetikoa gertatu, gertatuko da. Kontua da hori garaiz lortzeko gai izango ote garen".
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia