}

Energia-enpresa nagusiek biodibertsitatearen kontrako gertaeren ia erdiak ezkutatzen dituzte

2024/08/22 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

energia-enpresa-nagusiek-biodibertsitatearen-kontr
Energia-enpresek biodibertsitateari eragindako kalteen ia erdiak ezkutatzen dituztela erakutsi du ikerketa batek. - Arg. Teknopolis

EHUko ikerketa baten arabera, biodibertsitatearen kontrako gertaeren ia erdiak ez dira aipatu egiten enpresa energetikoen jasangarritasun txostenetan. Hain zuzen, %  23 baino ez dira jasotzen zehatz, eta gainerakoan, zuritzeko estrategiak darabiltzate. Emaitza horietara iristeko, kontrakontabilitatearen metodologia berritzaile bat erabili dute.

Garapen Iraunkorreko Helburuak lortzeari, enpresa-jarduerari eta ekonomia zirkularrari buruzko ikerketa-taldeak egin du azterketa, Goizeder Blanco Zaitegi doktoregaiaren gidaritzapean. Zehazki, 2020-2021ean, euroguneko 30 energia-enpresa nagusienei lotutako 47 gertakari aztertu dituzte (deforestazioak, hegaztien elektrokuzioak, habitaten suntsitzea…), eta ikusi dute 22 ez direla aipatu ere egiten enpresen jasangarritasun-txostenetan. Aztertutako enpresen artean daude Frantziako EDF eta Total, eta Espainiako Enagas, Endesa, Iberdrola, Naturgy, Repsol… 

Ikertzaileen esanean, Europako direktibek derrigortu egiten dituzte enpresa handiak ingurumenari eta bioaniztasunari lotutako dokumentuak argitaratzera, baina ez dago guztiz zehaztuta horietan azaldu beharreko informazioa. Hala, aipatzen dituzten zenbait kasu modu lausoan jasotzen dituzte, eta enpresen ardura zuritzeko estrategiak erabiltzen dituzte; esate baterako, ekintza positiboak azpimarratzea (zuhaitzen landaketak aipatzea, eta ez ustiaketan eragindako deforestazioa, adibidez).

Zehatz azaltzen dituzten gertakarien artean daude, berriz, hegaztien elektrifikazioak eta komunitate indigenen kontrakoak. Horiek zailagoak dira ezkutatzeko: hegaztien heriotzak erraz kontabilizatzen dira eta isunak daude; eta, komunitate indigenen kontrakoetan, kaltetuek lekukotza ematen dute eta auziak egoten dira tartean.

Metodologiaren ikuspegitik, ikertzaileek nabarmendu dute kontrakontabilitatean oinarritutako ikerketa egin dutela. Energia-enpresen jasangarritasun txostenak zuzenean aztertu beharrean, lehenbizi, kanpo-iturrietan bilatu dituzte biodibertsitatearen kontrako gertaerak (Google news, X sare soziala, ingurumenari buruzko hedabide digitalak, erakunde ekologisten eta gobernuz kanpokoen webguneak, publiko orokorrari zuzendutako hedabideak…). Gertakari bat aintzat hartzeko, gutxienez bi lekutan agertu behar zen. Ondoren, enpresen txostenetara jo dute, eta aztertu dute jasota ote dagoen eta nola. Alde horretatik, arloari ekarpen metodologikoa egin diola adierazi du EHUko taldeak. Journal of Behavioral and Experimental Finance aldizkarian argitaratu dituzte xehetasunak, irekian.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia