}

Energia arriskutsua ontzi barruan

2011/06/11 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Edari energetikoak boladan daude. Ontziratutako elikagaien eta edarien artean, haiek izan ziren salmenta-hazkunde handiena izan zuten produktuak, eta 2005etik 2009ra bitarteko datuak ikusita, goranzko joera etengabea dela baieztatu dute merkatu-analistek, epe horretan % 136ko hazkundea izan baitute.

Kontsumitzaileei egindako galdeketen arabera, kontsumitzaile nagusiak 16-30 urte bitarteko gizonezkoak dira, eta batez ere hiru arrazoirengatik hartzen dituzte edari horiek: energia lortzeko (% 71k), garunaren jarduera hobetzeko (% 60k) eta esna egoteko % 57k).

iEdari energetikoak osasunerako arriskutsuak izan daitezkeela ohartarazi dute.

Hain zuzen ere, horretarako daude diseinatuta. Batetik, organismoan neke-sentsazioa transmititzen duten neurotransmisoreak blokeatzen dituzten substantziak dituzte, batez ere kafeina. Eta ez gutxi: batzuetatik besteetara kafeina-kontzentrazioa asko aldatzen bada ere, batzuek kafe huts batek edo kola-freskagarri batek baino lau aldiz kafeina gehiago izaten dute. Bestetik, light edo diet izendapenarekin saltzen direnak izan ezik, azukre eta karbohidrato sinple asko dute; beraz, berehala erabil daitekeen energia ematen diote gorputzari.

Kafeina eta azukreaz gain, osagai "exotikoak" ere izaten dituzte: guarana, taurina, ginsenga, matea, kreatina, karnitina... Haietako batzuk kafeinaren indartzaileak dira edo kafeina dute, eta, gainera, askorentzat, plazebo ahaltsuak dira. Hau da, edariaren berezko eragina areagotzen dute, plazebo-efektuaren bidez.

Plazeboak plazebo, ez dira freskagarri hutsak. Baina kontsumitzaile batzuek haien parekotzat jotzen dituzte, izan ditzaketen ondorioak kontuan izan gabe. Eta ondorioak larriak izan daitezke oso. Kasu nabarmenetako bat duela 10 urte gertatu zen. Ross Cooney 18 urteko saskibaloi-jokalariak hiru Red Bull edan zituen, partida baten ondoren. Segidan, hil egin zen.

Gertakariak ondorioak ekarri zituen: Frantzian Red Bullen salmenta debekatzea erabaki zuten, Danimarkan ere epe baterako debekua ezarri zuten, eta Britainia Handian ikerketa bat ireki zuten. Alabaina, hiru urte geroago, Europako Justizia Gorteak atzera bota zuen debekua. Horrenbestez, edari energetikoak legezkoak dira, eta ez dute araudi berezirik, ez Europan, ezta Europatik kanpo ere.

Ikerketa argigarriak

Hala eta guztiz ere, osasunerako kaltegarriak direlako susmoak ez dira apaldu, eta horren erakusgarri da edari horiek izan ditzaketen ondorioak ikertzen jarraitzen dutela. Hain juxtu, berriki bi ikerketa plazaratu dira, aldizkari espezializatu banatan (Alcoholism: Clinical Experimental Research eta American Academy of Pediatrics ).

Lehenengo ikerketa unibertsitate-ikasleekin egin dute, eta frogatu dute edari energetikoen eta alkoholaren nahasteak arriskuak aurreikusteko ahalmenari eragiten diola. Horren ondorioz, konbinatu horiek edaten dituztenek alkohola edo edari energetikoak hutsik edaten dituztenek baino aukera handiagoa dute ausartegi jokatzeko eta beren burua arriskuan jartzeko.

Beste ikerketan , berriz, haur eta gazteengan duten eragina aztertu dute, eta ondorioztatu dute ez direla inondik inora ere egokiak haientzat, batez ere kafeina dutelako. Izan ere, adin txikikoetan, nerbio-sistema oraindik garatzen ari da; beraz, kafeinaren eragina helduetan baino askoz ere handiagoa da haurretan, eta baita aldakorragoa ere haur batetik bestera. Hala, askorengan loaren asaldurak eragiten ditu, ikasketetan arreta jartzeko arazoak, antsietatea, urduritasuna eta sumingarritasuna, portaeraren asaldurak, eta, zenbait kasutan, baita arritmia ere. Taurinak eta beste osagai batzuek ere areagotzen dute bihotzeko arazoak izateko arriskua.

Hori guztia aintzat hartuta, osasun-arduradunek gomendatu dute haur eta gazteei inolaz ere ez emateko halako edaririk, eta helduek ere neurrian har ditzatela, eta alkoholarekin nahastu gabe. Oraingoan ere boladan dagoenaren aurka, beraz.

GAUR8 gehigarrian argitaratua.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia