}

Enbrioien edizio genetikoa ez da segurua

2023/03/09 Etxebeste Aduriz, Egoitz - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

enbrioien-edizio-genetikoa-ez-da-segurua
Arg. OHSU, Oregon Health & Science University

Giza enbrioietan gaixotasunak sendatzeko edizio genetikoa erabiltzea ez da segurua oraindik. Ondorio garbi hori atera dute Nature Communitations aldizkarian argitaratu duten ikerketa batean

CRISPR teknikaren bidez editatutako giza enbrioiak aztertu dituzte, eta ikusi dute, batetik, edizioa behar bezala egin dela ziurtatzeko arazoak daudela. Izan ere, enbrioi batek zelula gutxi dituenez, DNA gutxi dago, eta sekuentziatu ahal izateko asko anplifikatu beharra dago. Bada, ikusi dute anplifikatzean fidagarritasuna galtzen dela, eta ezin dela ziurtatu diagnosi egoki bat.

Bestetik, edizio-teknikak berak bestelako eraginik duen ere aztertu dute, eta ikusi dute mutazioa konpontzeko egin nahi zen aldaketa baino gehiago egiteko arriskua dagoela, genomaren beste puntu batzuetan, eta aldaketa horiek kaltegarriak izan litezkeela. 

Hala, azpimarratu dute, edizio genetikoak gaixotasun genetikoei aurre egiteko potentzial handia duen arren, oraindik gainditu beharreko mugak dituela, modu seguruan eta eraginkorrean aplikatu ahal izateko.

 

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia