Elhuyar zientziaren komunikazioa

Emakumeak baztertuta, mendekotasunei buruzko ikerketetan

2016/09/20 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

emakumeak-baztertuta-mendekotasunei-buruzko-ikerke
Arg. Doug Jordan, M.A, USCDCP/Jabetza publikoa

Mendekotasunei buruzko ikerketetan emakumeak baztertu egiten direla salatu dute, Addiction Biology aldizkariaren azken zenbakian. Aldizkariaren zenbaki berezi bat da, Jaume I Unibertsitateko Carla Sanchis Segurak eta Michigango Unibertsitateko Jill Beckerrek koordinatua, eta haiek dira baita sarrerako artikuluaren egileak ere. Artikuluaren izenburua esanguratsua da: “Zergatik hartu behar den aintzat sexua (eta sexu-diferentziak aztertu) mendekotasunen azterketan” (Why we should consider sex (and study sex differences) in addiction research).

Artikulu horretan, ohartarazten dute ikerketa biomedikoa orokorrean, eta zehazki mendekotasunena, gizonen biologian oinarritzen dela, besteak beste, azterketa preklinikoan erabiltzen diren animaliak arrak izaten baitira, eta saio klinikoetan parte hartzen dutenak, berriz, gizonak.

Sanchisen arabera, horrek hutsune handiak eragiten ditu, ez baita populazioaren erdia aztertzen, eta horrek bestelako irtenbide terapeutikoak aurkitzea galarazten du. Gainera, sendagaien albo-ondorioak emakumeetan gizonetan baino ohikoagoak direla gogorarazi du, hain juxtu, sendagaien saioetan baztertu egiten direlako (sendagaien eraginkortasuna ez ezik, haien segurtasuna ere probatzen da saio horietan).

Sanchis eta Beckerrek emakumeen eta gizonen arteko diferentziak ere aztertu dituzte artikuluan. Adierazi dutenez, alde nabarmenenak ugalketa-sistemarekin erlazionatuta daude, sexu-hormonekin, esaterako.

Drogen mendekotasunen arloan baieztatu dute gizonek drogak kontsumitzen hasteko joera handiagoa, generoari lotutako aldagai sozialak direla eta. Bestalde, ordea, drogen eragina nabarmenagoa da emakumeetan, drogak kanporatzean metabolismo motelagoa baitute gizonezkoena baino. Horren ondorioz, mendekotasuna eta beste arazo kliniko batzuk garatzeko arrisku handiagoa dute emakumezkoek.

Nolanahi ere, azpimarratzekoa da emakumeek ikerketa biomedikoetan parte hartzeak gizarte osoari egingo liokeela mesede, ez emakumeei soilik.

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Saioa hasi

Erabiltzaile-izenik ez baduzu, eman izena

Pasahitza ahaztu zait

Jarraitu Zientzia.eus

Eduki gehiago

Gehitu zure bloga

Zientzia app

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzula. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak (Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak) diruz lagundua

Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
Gipuzkoako Foru Aldundia