Elikadura-ohiturak aldatzea beharrezkoa da Parisko Akordioko helburuak lortzeko

2020/11/05 Agirre Ruiz de Arkaute, Aitziber - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Arg. Pixabay

Erregai fosilen CO2-igorpenak bat-batean eta guztiz etengo balira ere, ezingo litzateke lortu Parisko Akordioan ezarritako 1,5 ºC edo 2 ºC-ko helburua. Egungo elikadura-sistema globalak ezinezkoa egingo luke. Ondorio horretara iritsi dira Oxfordeko Unibertsitateko (Erresuma Batua) eta Minnesotako Unibertsitateko (AEB) ikertzaileak.

Tenperatura globala industriaurreko tenperatura baino 1,5 ºC gorago bakarrik mantentzeak elikadura-sisteman aldaketa handiak eta azkarrak egitea eskatuko luke, horrek sortzen baitu munduko berotegi-efektuko gasen igorpenaren % 30. Guztira, 16 mila milioi tona CO2k baliokide igortzen ditu urtero, Science aldizkariaren arabera. Nekazaritza- eta abeltzaintza-lurrak sortzeko egiten diren baso-mozketak eta deforestazioak, ongarrien erabilera eta elikagaiak sortu eta banatzeko erretzen diren erragai fosilak dira igorpenen eragile nagusietako batzuk.

Duela gutxi arte, berotegi-efektuko gasen igorpenei buruzko hausnartu izan denean, batez ere industrian, garraioan eta elektrizitatearen ekoizpenean jarri da arreta, baina ez zaie kasu gehiegi egin elikadura-sistemak sortzen zituen igorpenei, ustez saihetsezinak zirelakoan gizadia elikatzeko. Ikertzaileek faltsutzat jo dute ikuspegi hori, eta hiru neurri proposatu dituzte: dieta aldatzea, nekazaritza ekologikoaren bidetik eraginkortasuna handitzea eta elikagaiak alferrik ez galtzea. Hala eginez gero, karbonotan neutroa edo baita negatiboa den elikadura-sistema globala lor daitekeela adierazi dute.

 

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia