Elhuyarrek hainbat ekintza antolatuko ditu Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko eguna ospatzeko

2021/02/04 Elhuyar Zientzia

Otsailaren 11n Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Eguna ospatuko da. Nazio Batuen Batzar Nagusiak egun hau aukeratu zuen 2016an, emakumeek eta neskek zientzian sarbide eta parte-hartze erabateko eta berdintasunezkoa izatea lortzeko.

 

Elhuyarrek urte osoan egiten du lan neskek zientzia- eta teknologia-gaietan parte har dezaten STEAM hezkuntzaren bitartez, eta, horretarako, emakume zientzialarien lana balioan jarri eta bistaratzen du, erreferenteak sortzeko. Hainbat proiekturen bidez, emakume zientzialarien eredua hurbiltzen die gazteei. Hala, emakume horien bizitza, ibilbidea eta eredua ezagutzeko aukera ematen zaie, uste oker eta estereotipo ezarriak gainditzeko. Eta egun honi lotuta ere, hilabete osoan egingo diren hainbat ekintza antolatu ditu Elhuyarrek.

Alde batetik, Zientziaren izarrak. Emakumeak itzaletik argira liburua Elkarren liburu-dendetan eskura ahal izango da otsailaren 11etik aurrera. Garai bateko emakume zientzialarien istorioak eta historiak biltzen dituen liburu ilustratua.

Istorio horietan oinarrituta, otsailaren 20an eta 21ean erakusketa bat egingo da Eureka museoan. Erakusketarekin batera, emakume horien omenez, familian lantzeko esperimentuak egingo dira. 

Liburuko ilustrazioak ere kartel bihurtuko dira, eta Euskal Herriko hainbat tokitan zabalduko dira bi ekimenen bitartez: batetik, Gipuzkoako ikastetxeetara bidaliko dira ikasleek emakume ikertzaileak eta euren lanak ezagut ditzaten; eta, bestetik, Bizilabe proiektuaren barnean, “Otsailaren 11 erakusleihoak” ekimena egingo du Elhuyarrek Bilbo, Elgoibar, Ermua, Soraluze eta Tolosaldeko herrietan, bertako udal eta garapen-agentziekin elkarlanean. Ekimen horretan, 76 establezimenduk parte hartuko dute. Establezimendu bakoitzak emakume zientzialari bati eskainiko dio erakusleihoa. Zientzialariarekin lotutako ilustrazioa eta informazioa biltzen duten horma-irudiak jarriko dituzte bertan, eta haren ikerketan inspiratuta apainduko dute erakusleihoa. Horrela, emakume zientzialarien bizitzaren eta lanaren dibulgatzaile bihurtuko dira dendariak, eta, gainera, emakumeek zientziari egin dioten ekarpena ikusarazten lagunduko dute. Ekintza beraren barnean, Bizilabeko gazteek bideo bidez aurkeztuko dituzte emakume horien istorio eta historiak eta haien ikerketa-gaiari lotutako esperimentuak. Bizilaberen webgunean egongo dira ikusgai.

Ekintza horiez gain, ETB-1en eta ETB-2n ematen den Teknopolisek saio berezia egingo du otsailaren 13-14ko asteburuan Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko eguna ospatzeko. Amaia Bacigalupe elkarrizketatuko dute saioan, eta aztertuko dute gizarte-baldintzatzaileek zer eragin duten osasunean. Euskadi Irratian emititzen den Norteko Ferrokarrilla irratsaioak ere gai hori izango du aipagai nagusi otsailaren 12ko saioan, zeinetan Maia Garcia Vergnioryri fisikaria elkarrizketatuko baitu.

Egun hau ospatzeko, bestalde, Emakumeak zientzian ekimenarekin bat egiten du Elhuyarrek, eta, horretarako, elkarlanean aritzen da hainbat erakunderekin: CIC nanoGUNE, Materialen Fisika Zentroa CFM (UPV/EHU-CSIC), CIC biomaGUNE, Donostia International Physics Center (DIPC), Biodonostia, Tecnun-Ingeniaritza Eskola, Ceit eta POLYMAT.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia