}

Elementu kimikoen izendapena

1990/05/01 Fernandez, Faustino Iturria: Elhuyar aldizkaria

Artikulu honetan elementu kimiko berriak izendatzeko kontutan hartu izan diren joerak aztertuko ditugu.
Urrea. Antzinatik ezagutzen diren bederatzi elementuetako bat.

1976. urtean IUPACen CNIC batzordeak ( Comission of the Nomenclature of Inorganic Chemistry ), 103. elementuaren ondorengoentzat izen sistematikoak erabiltzea gomendatu zuen.

XX. mendeko azken hamarkadatan, aurkikuntzak azpiegitura egokiko talde edo erakundeek egiten dituzte. Horregatik, gertatu izan da talde desberdinek elementu bera garai berean aurkitzea. Arazoa aurkikuntzari izen berria ematean sortzen da.

1965. urtean Dubna-n, errusiar talde batek 104. elementuaren isotopo bat ekoiztu zuen eta 1967. urtean 105. elementua aurkitu ere bai. Era berean, Berkeley-ko amerikar talde batek, bi aurkikuntza hauexek egin zituztela adierazi zuten; 105. elementua konkretuki 1970. urtean. Errusiarrek 104.arentzat Kurtchatovium eta 105.arentzat Nielsbohrium izenak proposatu zituzten. Amerikarrek ostera, Rutherfordium eta Hahnium.

Arazo hauek saihestu nahian, lehen aipatutako izen sistematikoak erabiltzea gomendatu zen. Adibidez 104.a unnilquadium (un = 1, nil = 0, quad = 4, eta ium bukaera metala dela adierazteko) den bitartean, 105.a unnilpentium izango litzateke.

Dudarik gabe, arau honen bidez erraza da edozein elementuren izena ezagutzea (izendatzeko modu sinplea delako) eta bestalde ez da beharrezkoa izen-multzo bat buruz jakitea, beste elementuekin gertatzen den bezala.

1. taula.

Iritsi da, beraz, elementuak izendatzeko dagoen bigarren bidea aipatzeko unea. Dakigunez, historian zehar elementu kimiko berriak ezagutu ahala esanahia zuen izen bat ematen zioten eta ez gaur eguneko izen sistematiko hotza.

Zein izan daiteke elementu kimiko bati ezar diezaiokegun esanahia? Garai bakoitzean ohitura ezberdinak egon dira. Antzina adibidez, bederatzi elementu kimiko ezagutzen ziren, hauetako zazpi metalak zirelarik. Hauen propietate fisiko batean oinarrituz, urrea, zilarra, burdina, merkurioa, eztainua, kobrea eta beruna izenak ditugu.

Adibidez:

  • Urrea (Au). Aurum, Aurora egunabarraren jainkosa. Hitzaren jatorria, sanskritoko hari (horia) da.
  • Merkurioa (Hg). Hydrargyrum izen grekoa hydro-argyros (ur-zilarra) du jatorritzat, metal likido distiratsua izateagatik.
  • Zilarra (Ag). Argentum, sanskritoko argunas (distiratsu) hitzetik dator.
  • Eztainua (Sn) Stannum, indoeuroparraren stagnum eta stag hitzetatik dator (tantaka erori), erraz urtzen delako.

Elementu kimikoren baten aurkitzaile izanaren lehen erreferentzia Hennig Brand germaniarra dugu. 1670. urtean fosforoa aurkitu zuen, filosofarria lortu nahian ari zela. Fosforo Phos- eta -phero hitzetatik dator (argi-emailea); iluntasunean fosforo zuriak argia emititzen bait du.

XIX. mendearen hasieran Jons Jakob Berzelius suediar kimikariak, gaur egun erabiltzen diren sinboloak proposatu zituen. Bere asmoa izenak letra bat edo biren bitartez adieraztea zen, baina lehen beste ikur batzuk erabili izan ziren. Hauek 1. taulan labur adierazten dira.

1744-1811 bitartean lortutako bost elementuei, beren kolorearen edo osatzen zituzten konposatuen koloreen izena ezarri zieten.

2. taula.

Adibidez:

  • Kloroa (Cl). Klorhos grekoak hori-berde esan nahi du, gasaren kolorea horixe delako.
  • Iodoa (I). Ioeides grekotik; more-kolorea, baporearen kolorea.
  • Kromoa (Cr). Khroma grekoak kolore esan nahi du. Kromo-konposatuek kolore desberdinak dituzte.
  • Rodioa (Rh). Rhodon grekoa arrosa da; rodio-gatzen disoluzioak gorriak bait dira.
  • Iridioa (Ir). Iris grekoa, ostadar da. Iridioaren disoluzioek kolore-multzoak azaltzen dituzte.

1735-1843 bitartean, elementu kimiko ugari aurkitu ziren eta hauen propietateaz gain, mitologia, zeruko gorputzak eta mineralen izenak erabili zituzten.

Mitologiaren adibide batzuk:

  • Titanioa (Ti). Mitologia grekoan Titanak, Urano jainkoaren seme-alaba erraldoiak (lurreko lehen biztanleak) izan ziren.
  • Torioa (Th). Thor gudaren jainko norvegiarra da. J.J. Berzelius suediarrak mineral norvegiar batean aurkitu zuen.
3. taula. Izen geografikoen adibide batzuk: Ikertzailearen herria ala ikertzen zuen herriaren izena alde batetik eta bestetik elementua edo minerala zegoen herria bereiz ditzakegu.

Zeruko gorputzen adibide batzuk:

  • Selenioa (Se). Selene hitz grekoak ilargia esan nahi du.
  • Zerioa (Ce). Ceres , ezagutu zen lehen asteroidea da. Ce 1803. urtean aurkitu zen, asteroidea ezagutu baino bi urte geroago. Ceres uzta eta gariaren erromatar jainkosa da.
  • Paladioa (Pd). Izen honen jatorria Pallas da; ezagutu zen bigarren asteroidea. Pallas 1802. urtean eta paladioa 1803.ean aurkitu ziren. Pallas jakinduriaren jainko grekoa da.

Mineralen adibide batzuk:

  • Kaltzioa (Ca). Kylix grekoz igeltsoa da.
  • Barioa (Ba). Barys hitz grekoak astuna esan nahi du. Barioa, Barite espartzu astunean (BaSO 4 ) dagoen metala da.
4. taula.

Urteetan zehar bide berriak erabili dira eta beste garai batzuetako joerak ere berreskuratu dira.

Hau 2. taulan azaltzen da laburtuta.

Orain arte geografikoak, hitz arruntak eta pertsonaien adibideak ez dira aipatu. Goazen bada, hutsune hau betetzera.

Hitz arruntak:

  • Litioa (Li). Lithos grekoz: harria.
  • Teknezioa (Tc). Technetos grekoz: artifiziala. Artifizialki produzitu zen lehen elementua, deuterioaz molibdeno erradioaktiboa bonbardatuz.
  • Kripton (Kr). Kryptos grekoa; ezkutukoa. Aire likidotuaren distilazioan nitrogeno, oxigeno eta argonaz gain, beste elementu bat likidoan ezkutatuta geratzen zen; kriptona alegia.

Pertsonaien izenak, ikerlari ospetsuen ohorez:

  • Kurioa (Marie Curie eta Pierre Curie), Einstenioa (Albert Einstein), Fermioa (Enrico Fermi), Mendelevioa (Dimitrii L. Mendeleiev), Nobelioa (Alfred Nobel) eta Lawrentzioa (Ernest O. Lawrence). Gainera lehen aipatutako Kurtchatobioa (Igor V. Kurtchatov) ala Ruterfordioa (Ernest Rutherford) eta Hahnioa (Otto Hahn) ala Nielsbohrioa (Niels Bohr), baina gaur egun 104 eta 105. elementuentzat izen sistematikoak erabiltzen dira.
  • Ondorioz, 103. elementura arte izen ez-sistematikoak erabiltzen diren bitartean, ondorengoek izen sistematikoak edukiko dituzte.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia