}

Eguzkiaren jarduera enborrean ikusgai

2005/01/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Karbono-14aren teknikaren bitartez zuhaitz-enborrak ikertuz, Eguzkiaren jarduera aztertzea lortu dute. Ikerketa horren arabera, gaur egungo jarduera azken 8.000 urteetako handiena da.

Ikertzaileek zientziaren esparru asko elkartu dituzte emaitzak lortzeko. Alde batetik, astrofisikaren hipotesi bat erabili dute: Eguzkiaren jarduera zenbat eta handiagoa izan, orduan eta izpi kosmiko gutxiago iristen dira Lurraren atmosferara, Eguzkiaren eremu magnetikoak aldaratzen dituelako.

E. Imaz

Beste alde batetik, atmosferaren molekulen fisika kontuan hartu dute. Azken batean, izpi kosmikoek karbono-14 isotopoen proportzioa handitzen dute atmosferako karbono dioxido molekuletan.

Bestalde, biologia. Fotosintesiaren bitartez, zuhaitzek karbono dioxidoa barneratzen dute, eta, besteak beste, enborreko eraztunetan pilatzen dute karbono-14a.

Azkenik, paleontologia. Zuhaitz-fosilak aztertu dituzte, enborrak hazi ziren garaian zenbat karbono-14 zegoen jakin ahal izateko. Eta, azterketa horren emaitzak aurreko guztia islatzen duenez, zuhaitzen enborretako eraztunak eta Eguzki-jarduera erlazionatu ahal izan dituzte zientzialariek. Hau da, jarduera handia izan zeneko fosilek karbono-14 gutxi daukate.

Metodoak oso emaitza onak eman ditu, hain zuzen ere, beste metodoen bitartez lortutakoak baieztatzen baititu. Beraz, argi dago; gaur egungo eguzki-jarduera azken 8.000 urteetako handiena da.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia