}

Eguzkia 2000. urterako aztoraturik

1999/08/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

NASA

American Astronomical Society erakundearen azken bileran jakinarazi denez, 2000. urtean Eguzkiaren aktibitatea bere zikloaren maila altuenera iritsiko da, ondorioz korronte elektrikoak eten, sateliteak matxuratu eta komunikabideetan arazoak izango direlarik. Urtearen erdialdera eguzki-orbainak eta -ekaitzak ugaritu egingo dira eta Lurraren ionosferak ekaitz geomagnetikoak jasango ditu karga handiko erradiazio-partikula ugarien ondorioz.

Eguzkiaren aktibitateak 11 urteko zikloak jasaten ditu eta hurrengoa 2000. urteko apirila eta ekainaren bitartean gertatuko dela ziurtatu du Mexiko Berriko Air Force Research Laboratory erakunde iparamerikarrak. Fenomeno hau Eguzkiaren eremu magnetikoaren alderanzketari zor zaio, eta honen ondorioz Eguzki Haizea izeneko kargadun partikulen jarioa izugarri handitzen da, ionosferan Aurora Boreal deitutako fenomenoak sortuz. Kargadun partikulek sateliteen eta espazio-ontzien irrati-transmisioak eten ditzakete eta lurrazalean korronte elektriko handiak eragin, zentral elektrikoetako instalazioak kaltetzeko adinakoak.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia