}

Egunez argaldu eta gauez gizendu

1992/12/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Argaltzeko dietaren bat egiten baduzu, baina argaldu ordez gizentzen ari bazara, berri hau interesgarri suertatuko zaizu. Lo-arazoak tratatzeko New York-en dagoen laborategi bateko zuzendari den Neil Kavey-k, aipatu arazoa zutenei honakoa galdetzen zien: “lotan ari zarenean ez ote duzu hozkailura bisita egiten?

Aditu honek galdera hau egiteko susmoa baino gehiago konbentzimendua zuen. Horregatik, bere ustez lo egiten ari ziren bitartean jaten saiatuko ziren hiru pertsona aztertu zituen. Egindako probek, hasieran susmoa besterik ez zena errealitate bihurtu zuten, hau da, hiru pertsona horiek izugarrizko otorduak egiten zituzten lo zeudelarik.

Proba hau egin ondoren, beste hamabost gaixo aztertzea erabaki zuen. Gaixo hauek, kasu guztietan izugarrizko banketeak egiten zituzten gauean. Guztiak, pisu-kontrolari buruz oso kezkaturik zeuden eta horregatik argaltze-dietaren baten pean zeuden. Esna zeuden bitartean, gosea kontrola zezaketen, baina lo zeudenean buruko mekanismo guztiak erlaxatu eta egunez egin ezin zutena gauez egiten zuten.

Pertsona hauek gose izugarria izango balute bezala jaten zuten eta gehienetan jaki gordinak, noski.

Kavey-ren terapiaren helburua jateko antsietatea kentzea baldin bada ere, aldi berean sukaldea edo hozkailua gauez giltzaz ixtea ezinbestekoa da.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia