}

Eguneroko intsulina injekzioaren menpekotasuna, gainditzeko bidean

2000/06/13 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia

Kanadako zientzialari talde batek diabetea tratatzeko area zelulak txertatu ditu

Gaur egun 1 motako diabetea duten gaixoen % 92k intsulina artifiziala hartu behar dute. Hormona horrek odoleko glukosa kantitatea kontrolatzen du, azukreari zelulen ateak irekitzen dizkiolako. Intsulinak funtzioa odolean betetzen duenez, 1 motako diabetikoek zuzenean zainetan sartu behar dute. Xiringak gero eta erosoagoak badira ere, eguneroko behar horrek menpekotasun handia sortzen du. Kanadako zientzialari talde batek beste mota bateko irtenbidea lortzeko ikerketa egin du.

Nahiz eta intsulinaren tratamendua jarraitu, ez da beti behar bezain eraginkorra izaten, eta hipogluzemia gertatzeko arriskua sortzen da. Arazo hori zuten zazpi gaixori area osasuntsuen Langerhans-en irlak transplantatu zaizkie. Irla horiek intsulina jariatzen duten zelulak dituzte, besteak beste, eta gaixoaren barruan ugalduko balira, intsulinaren ekoizpenik eza sendatuko litzateke. Orain arteko saio guztiek porrot egin edo efektu laburra izan dute. Izan ere, 1990etik aurrerako transplante guztien %12,4k astebeteko eraginkortasun epea gainditu dute eta %8,2k urtebetekoa. Transplante gehienetan bezala, arazorik latzena gaixoaren sistema immunologikoaren erantzuna izan da. Azken urteotan irlak isolatzeko metodologia ere asko hobetu da.

Transplante ugari

Gaixo bakoitzak gutxienez bi emaileren irlak jaso ditu. Batek, hirugarren transplante bat behar izan du intsulina tratamenduaren menpekotasuna erabat gainditzeko. Emaileak garun heriotza baieztatu zitzaien pertsonak ziren. Irlak erauzi eta Wisconsingo Unibertsitatean gorde egiten ziren gorputzaren tenperaturan, hildakoaren senideek baimena eman arte. Emaileen aukeraketaren irizpidea irlen isolatze erraztasuna ziurtatzeko analisien emaitzek finkatzen zuten.

Pazienteak hogeita bederatzi eta berrogeita hamalau urte bitarteko diabetikoak ziren. Transplanteak egiteko epeak 1999ko martxoan hasi eta aurtengo urtarrila arte iraun zen.

Zazpiek eguneroko intsulina tratamenduaren beharra segituan galdu zuten. Hala ere, geroago aldizkako intsulina dosiak behar izan dituzte irla kopuru txikienak jaso zituztenek. Bestela, errefusatze arazorik ez da sortu. Zazpietatik seik lehenengo transplantea egin eta 29 egunera beste bat behar izan dute. Pazienterik lodienari hirugarrena ere egin behar izan zitzaion. Zientzialariek diotenaren arabera, inork ez du intsulinaren menpekotasunaren aztarnarik izan. Bizi-kalitatea asko hobetu dute. Ea bizitza osoan irauten dien efektuak.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia