}

Eboluzionatzeko, irentsi egin behar

2002/01/28 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia

Zelula eukariotoen nukleoa bakterio bakteriojaleen ondarea dela dioen hipotesia indartu egin da azkenaldian.

Zelula eukariotoek bakterioak irentsita bereganatu zituzten organulu batzuk. Horren adibide dira mitokondrioak eta landareetako zelulen kloroplastoak. Nukleoa, ordea, zelula horiek sortu baino lehenagokoa da. Zenbait zientzialarik uste dute bakterio batzuek beste batzuk irentsita sortu zela; baina bakterio batek beste bat nola irents dezakeen azaltzea ez da batere erraza.

MITeko biokimikari batzuek zelula eukariotoetako proteinen azterketa sistematikoa egin dute nukleoaren jatorria argitzeko. Horretarako, legamia baten eta hainbat eukariotoren proteinak konparatu dituzte.

Guztira 2.000 proteina inguru aztertu zituzten. Horietatik 900 eukariotoetan bakarrik daude, eta azken horietatik batzuk ez ditu Giardia izeneko eukarioto batek. Giardia bizkarroia ezagutzen dugun eukariotorik 'zaharrena' da, eta, beraz, beste edozein eukarioto baino hurbilago dago nukleoa sortu zen garaitik.

Eukariotoen sorrerarekin zerikusia duten 347 proteinatan, gehienek proteinen sintesian eta zitoeskeletoaren osatze-prozesuan parte hartzen dute. Zientzialarien ustez, ezaugarri horiek eukariotoen zuzeneko arbasoetatik jaso zituzten; zientzialariek kronozito izena eman diete arbaso horiei.

Zitoeskeletoa izateak bakterioak inguratu eta irensteko ahalmena dakar eta, beraz, kronozitoek nukleo bilakatuko zen bakterioa bereganatu zuten. Hori da, nehintzat, biokimikariek uste dutena. Gaur egungo bakterioen aldean, ahalmen harrigarriak izan omen zituzten kronozitoek.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia