Ebolaren aurkako borroka ez da amaitzen txertoa lortzearekin

2015/01/20 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

GSK farmazia-konpainia garatzen ari den ebolaren txertoa. Arg. GSK

Okerrik ez bada, aurten edo datorren urtean merkaturatuko da ebolaren txertoa. Horri esker, gaitza kontrolatzea espero dute adituek. Johns Hopkins ospitaleko ikertzaileek The Lancet aldizkarian gogorarazi dutenez, ordea, txertoa lortzea lehen pausoa baino ez da. Hain zuzen, haien ustez, zenbait oztopo gainditu beharko dira txertoa arriskuan dagoen populazioarengana iristeko, nor txertatu behar den erabakitzetik hasi eta alderdi ekonomikoraino.

Izan ere, ikertzaileek uste dute ez dela erraza aukeratzea nor txertatu behar den lehenengo, ezta erabaki hori nork hartu behar duen ere. Horretarako, ebolaren transmisioa hobeto ezagutu behar dela iruditzen zaie.

Horrez gain, txertaketa-kanpainak nola egin ere kontuan hartu beharko dela ohartarazi dute, are gehiago, aintzat hartuta ebola duten herrialdeen osasun-sistemen ahulezia. Gako izango diren alderdi batzuk aipatu dituzte, tartean, txertoa egoera onean gordetzeko eta emateko baliabideak izatea eta espezialistak trebatzea.

Txertoaren segurtasunari buruzko kezka ere adierazi dute ikertzaileek. Haien iritziz, krisi-egoeran txertoa azkar garatzea lehentasunezkoa denez, segurtasun-irizpideak malgutzeko arriskua egon daiteke. Ikertzaileen ustez, oso garrantzitsua da segurua dela bermatzea, eta populazioari segurtasuna transmititzea, txertoa onar dezan.

Ikertzaileek artikuluaren amaierarako utzi dute alderdi ekonomikoa. Aipatutako zailtasunak gainditzeko eman beharreko pausoek txertoa garestitu egingo dutela ohartarazi dute, eta finantziazioa lortzeko bide berriak sortzea proposatu dute.

Azkenik, ebolaren txertaketa arrakastatsua izatea lortuz gero, etorkizunean gerta daitezkeen beste osasun-krisi batzuetarako eredu izan daitekeela ere iragarri dute.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia