EAEko lau lagunetik batek sentitzen du nahi gabeko bakardadea

2020/12/18 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Yolanda González-Rábago eta Unai Martin, OPIK ikerketa-taldeko kideak. Arg. EHU

Osasun publikoaren ikuspegitik, kezka eragiten duen gaia da nahi gabeko bakardadearen prebalentzia. EHUko OPIK ikerketa-taldeak ikertu du zenbateko prebalentzia daukan EAEn adinaren eta desberdinkeria sozialen arabera, eta ondorioztatu du lau lagunetik batek sentitzen duela; halaber, ebatzi du eragin handia duela osasun fisiko zein osasun mentalean, bereziki heldu gazteen populazioan. Ikertzaileek ondorioztatu dute garrantzitsua dela nahi gabeko bakardadea murrizteko esku-hartzeak diseinatzea, baita gazteentzat ere.

Gure sare sozialaren benetako ezaugarrien eta desio ditugunen arteko aldeak eragiten duen sentimendu gisa definitzen da nahi gabeko bakardadea. Eta ikusi dute bakarrik sentitzen diren pertsonengan handiagoa dela osasun mental txarraren prebalentzia (lau aldiz handiagoa). Nazioarteko ikerketa batzuek erakutsi dute bakardadea lotuta dagoela hilkortasun handiagoarekin, hipertentsioa eta gaixotasun koronarioak izateko arrisku handiagoarekin, osasun mentaleko arazoekin, bai eta osasunarentzat kaltegarri diren jokaerak izateko probabilitate handiagoarekin ere. 

5.700 lagunen datuak aztertuta, OPIKeko ikertzaileek argitu dute bakarrik sentitzeko arriskua desberdina dela sexuaren eta posizio sozioekonomikoaren arabera. EAEko emakumezkoen % 29,7k eta gizonezkoen % 23,3k daukate nahi gabeko bakardade-sentimendua. Beraz, prebalentzia handiagoa da emakumezkoetan (gizonezkoena baino % 30 handiagoa), eta nabarmen handiagoa da eskulangintzari dagokion klase sozialeko lagunen artean. Unai Martinek adierazi duenez, ordea, “bakardadeak ez die bakarrik adineko pertsonei eragiten. Prebalentzia altuagoa da 80 urtetik gora, baina eragin handiagoa dauka 25 eta 44 urte bitarteko lagunen osasunean”. 

Bakardadea murrizteko esku-hartzeen beharra

Unai Martinen iritziz, ikerketaren emaitzek ondorio esanguratsuak utzi dituzte nahi gabeko bakardadea murrizteko eta prebenitzeko esku-hartzeetarako, bizi-zikloaren eta desberdintasun sozialen garrantzia nabarmendu baitute. Osasunean eragin handia izanik, merezi du arazo honi fokua jartzea eta hainbeste pertsona bakarrik zergatik sentitzen diren pentsatzen hastea.

Ikerketa COVID-19aren pandemiaren aurrekoa da. “Aurretik halako bakardade-sentimendua baldin bazegoen, pentsa zein izango den egoera orain bizi dugun krisialdian, oso gutxi hartu baita aintzat epidemiaren kudeaketa pertsonen osasunean izaten ari den eragina, kutsatzeetatik harago. Litekeena da pairatzen ari garen bakartze sozial hau osasunean inpaktu handia eragiten aritzea”, uste du Martinezek.

 

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia