}

E. Coli bakterioaren barietate gaiztoaren genoma sekuentziatu dute

2001/01/25 Carton Virto, Eider - Elhuyar Zientzia

Escherichia coli bakterioa ohikoa eta ezinbestekoa da gizakiontzat. Hesteetan bizi da eta oinarrizko prozesuetan parte hartzen du. Bakterioaren zenbait forma, ordea, oso kaltegarriak izan litezke. Horietako bat O157:H7 barietatea da.

Gizakiengan gaitzak zergatik eragiten dituen jakiteko balioko du

O157:H7 barietatea 1983. urtean detektatu zen Estatu Batuetan. Hesteetako gaixotasun bortitzak (beherako odoltsuak, sabeleko karranpak...) eragiten zituela ikusi zen eta fenomenoa kutsatutako haragiarekin lotu zen. Haragiaz gain, esnea, fruituak eta barazkiak dira ohiko infekzio-bideak, azken horietara ongarrien bidez ailegatzen baita bakterioa. Elikagaiak ongi prestatzea eta esnea ongi pasteurizatzea infekzioa saihesteko nahikoa badira ere, patogenoak beste bide batzuk ditu zabaltzeko, besteak beste, hondakin-urak eta pertsonen arteko kontaktua higienea egokia ez denean.

20 urtean poliki-poliki baina etenik gabe mundu osora hedatu da barietate gaiztoa eta, egun, osasun publikoarentzat mehatxu eta patogeno emergente bezala sailkatuta dago.

Multzoko barietate batzuk zergatik diren kaltegarriak jakiteko ikertzaile asko ari da lanean. Estatu Batuetako Wiskonsin Unibertsitateko ikertzaileek genetikaren bideari heldu diote eta O157:H7 barietatearen genoma sekuentziatu eta analizatu dutela eman dute aditzera gaur Nature aldizkarian. Ez dute sekuentzia osoa osatu, baina ia-ia.
O157:H7ren genoma eskuetan izanik, kalterik egiten ez duen beste barietate baten genomarekin alderatu dute, hesteetako gaixotasunak eragiteko gaitasunaren jatorri genetikoa aurkitzeko asmoz.

Aztarna esanguratsuak

O157:H7 barietateak gaitza eragiteko gaitasuna eta birulentzia hainbat faktoreren baitan
dagoela ikusi dute. Oro har, alderatutako bi barietateek genomaren zati handi bat berdina dute, arbaso komun batetik eboluzionatu dutenaren seinale. Hala ere, hurbiletik begiratuz gero, ehunka ADN sekzio batean ala bestean soilik agertzen dira. Hain zuzen, barietate kaltegarriak bereak bakarrik dituen gene asko gaitz eragile gisa identifikatu dira.

Talde bereko bakterioak bata bestearekin alderatuz informazio asko eta interesgarria eskura daiteke. Denbora laburrean gertatzen diren prozesu genetikoak detekta daitezke, bakteriok arbaso bat duten ala ez zehatz daiteke, edota geneek hautespen naturalaren baitan edo bestela eboluzionatu duten ikus daiteke. Bestalde, bakterioen artean hain ohiko den gene transferentzia zein mekanismoren bidez gertatzen den ikertzeko ere oso baliagarria da genomak konparatu ahal izatea. Azken finean, ikerketekin aurrera jarraitzeko euskarri sendoa da.

E. coli, hesteetako biztanlea

E. coli Enterobacteriaceae familiako bakterioaren izen laburtua da. Izen osoa Escherichia coli du eta bizidunen hesteetako biztanleetako bat da. Gizaki helduetan hesteetako bakterioen % 0,1 besterik ez da; jaioberrietan, berriz, ugarienetakoa. Gizakiok milioika E. coli bakterio ditugu hesteetan, eta eskerrak! Osasuntsu egoteko eta gorputzak ongi funtziona dezan ezinbestekoak baitira. D bitamina, esaterako, bakterio horiek ekoizten dute, eta K eta B bitamina ekoizteko prozesuan ere parte hartzen dute. Hori bai, hesteetatik kanpo aterako balira, hau da, odolera edo gorputzeko beste ehunetara bidaiatuko balute, oso kaltegarri bilakatu lirateke. Bestalde, gizaki guztiok berdinak ez garen bezala, E. coli bakterio guztiak ere ez dira berdinak. Zenbait barietate genetikok hesteetan ere kalteak sortzen dituzte eta, hain zuzen, horien artean dago O157:H7 barietatea.

Egunkarian argitaratua

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia