Elhuyar zientziaren komunikazioa

Drogetatik askatzen lagundu nahian

2010/11/01 Lakar Iraizoz, Oihane - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Berriki eman dute Nature Medicine aldizkarian kokainaren mendekotasunetik askatzen lagun lezakeen substantzia baten berri. Kokainak garunean eragiten duen ongizatea ezabatzen du. Hala, ongizaterik sentitzen ez bada, zentzua galtzen du, nolabait, kokaina hartzeak.

Drogetatik askatzen lagundu nahian
2010/11/01 | Lakar Iraizoz, Oihane | Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
Kokainaren mendekotasunetik askatzen laguntzeko txertoak ez dira hasieran uste zen bezain eraginkorrak. Arg.: Photoxpress/Clarini.

Oro har, abusuzko droga guztiek eragiten dute ongizate-sentsazioa. "Garunean dopamina-kontzentrazioa igotzea eragiten dute kokainak, heroinak, anfetaminek, alkoholak eta abarrek", dio Koldo Callado Euskal Herriko Unibertsitateko farmakologia-irakasleak. Garunean sari-jasotzea prozesatzen den gunean gertatzen da hori, hain zuzen ere. Bide horretan neurotransmisore nagusia dopamina denez, dopamina-kontzentrazioa igotzean neurriz gain kitzikatzen da eskualde hori, eta kontsumitzaileak normalean baino ongizate-sentsazio handiagoa du.

Nature Medicine aldizkariko ikerketan disulfiran deritzon substantzia proposatu dute ongizate hori ezabatzeko, Gilead Sciences biofarmazeutika-konpainiako ikertzaileek. Ikertzaileek azaldu dutenez, disulfiranak eten egiten du garuneko dopamina-sintesia. Egia esan, aldehido deshidrogenasa entzima inhibitzen du, eta entzima horrek ez du dopaminaren sintesian parte hartzen, dopaminaren degradazioan baizik. Baina degradazioa behar bezala gertatzen ez bada, handitu egiten da bitarteko substantzien kontzentrazioa, eta, horrek bai, dopamina gehiago sintetizatzea eteten du.

Asko dira, Nature Medicine aldizkarian argitaratutakoa bezala, drogek eragiten duten ongizate-sentsazioa saihesteko garatutako substantziak. Kokainarekin jarraituz, orain dela gutxi arte itxaropen handia izan dute helburu berarekin garatutako txertoan. Txertoa sortzeko, proteina batzuei kokainaren antzeko substantzia batzuk lotu zizkieten, gorputzean sartzean immunitate-sistemak haien kontrako antigorputzak era zitzan.

Antigorputzak sortutakoan, txertoa hartu duen banakoak kokaina hartzen badu, antigorputzek ezagutu eta hari lotzen zaizkio. Makromolekula handi bat sortzen da kokaina eta antigorputza elkartzean, eta ezinezkoa zaio kokainari hesi hematoentzefalikoa gurutzatzea. Garunera iristen ez bada, ezin du eraginik izan.

Txertoarekin egin ziren hasierako saiakuntza klinikoek emaitza onak eman zituzten. "Saio kliniko garrantzitsuena 2005ean argitaratu zen, eta bazirudien txertoak eragina zuela; parte-hartzaileek sei hilabetez izaten zituzten antigorputzak", azaldu du Calladok. Harrezkero, ugaritu egin dira saiakuntzak, baina hasieran sortutako itxaropena apaldu egin da hein handi batean: "Azkeneko kongresuetan entzun ditudan emaitzak ez dira hain onak; dirudienez, hasierako efektuak ez du luze irauten, eta eraginkortasuna ez da hasieran pentsatzen zen bezain handia".

Ongi etorri horrelako substantziei

Koldo Callado EHUko Neuropsikofarmakologia Saileko ikertzailea da. Opiazeoekiko mendekotasunean parte hartzen duten errezeptoreak aztertzen dituzte sailean, besteak beste. Arg.: Oihane Lakar.

Hartutako drogek inolako ongizaterik ez sentiaraztea lagungarria izan daiteke drogen mendekotasunaren kontra egiteko prozesuan. "Ongi etorri eragin hori duten substantzia guztiei, eta etor daitezela beste asko", dio Iñaki Lorea psikologo klinikoak. Urte asko daramatza drogazaleekin lanean, eta badaki zer eragin duten batzuek eta besteek.

Izan ere, ongizate-sentsazio handi hori oso maiz bilatzeak eragin dezake drogekiko mendeko bihurtzea. "Jendeak ikasi egiten du, adibidez, diseinuzko drogak hartuta asteburu osoa eman dezakeela parrandan eta dantzan, nekatu gabe. Horrek eramaten ditu drogak behin eta berriro hartzera", azaldu du Calladok.

Une jakin batetik aurrera, ordea, gorputza moldatu egiten da, ohitu egiten da substantzia horiek jasotzera, eta hasieran sustagarri positibo bat zena ezinbesteko substantzia negatibo bihurtzen da. "Drogazaleen historia entzutean, ikusi dut lehenengo urteetan baino ez dutela sentitzen errefortzua eta ongizatea drogak hartzean", argitu du Loreak. Gero, automatizatu egiten da drogak hartzeko jokabidea.

Hortik aurrera, beraz, beste batzuk dira zaleak drogak hartzera bultzatzen dituzten motibazioak. Loreak dioen bezala, "adituen artean esaten da drogak neurriz gain hartzeak bahitu egiten dituela giza motibazioa prozesatzen duten neurona-zirkuituak". Eta zirkuitu horiek ez dira nolanahikoak. Hain zuzen, gizakiok bizirik iraunarazten gaituzten zirkuitu berak dira. Hau da, jateko, edateko eta sexu-harremanak izateko motibazioa pizten diguten zirkuituak.

Adibide adierazgarri hau jarri du Loreak: "Pentsa bi egun daramazula ezer jan gabe (berez, horrelako eskasia-inguruneetan bizitzeko diseinatuta gaude gizakiok). Bat-batean, ahora zerbait eramateko aukera agertzen zaizu. Zure inguruko beste edozerk garrantzia galtzen du, eta jatekoa eskuratzea bihurtzen da zure lehentasun nagusia. Lehentasun-hautaketa hori garuneko gune jakin batek egiten du, eta ongi sentiarazten zaitu egindakoan; hau da, jandakoan, edandakoan edo sexu-harremanak izandakoan".

Garunaren eskualde berean eragiten dutenez, motibazio bertsua eragiten diete drogek haien mende daudenei. "Adibidez, drogazale batek badaki familiarekin hitzordua duela, eta agertzen ez bada arazoak izango dituela haiekin. Baina, hala ere, ez da agertzen, eta, horren ordez, droga erostera joaten da", gaineratu du Loreak.

Hala ere, egia da drogak probatzen dituzten pertsona guztiak ez direla mendeko bihurtzen; "nolabaiteko joera genetikoa izan ohi dute mendeko bihurtzeko, edo arazoak alderdi psikosozialen batean... Oro har, oso gaixotasun konplexuak dira", azaldu du Calladok. Horrenbestez, adituek argi utzi dute menpekotasunak behar bezala sendatzeko, ezinbestekoa dela tratamendu osoak egitea. Programa oso horietan psikoterapiak, familia-arreta, eta, dagokionean, baita gizarte-baliabideak ere, integratzen dituzte. Eta, horien guztien lagungarri, psikofarmakoak erabiltzen dituzte.

Iñaki Lorea Psikologo klinikoa; Iruñeko Argibide Fundazioan aritzen da pazienteekin lanean. Bestalde, NUPeko irakasle laguna ere bada, Psikologia Sailean. Hainbat lan argitaratu ditu kokainarekiko mendekotasunari eta alkoholismoari buruz. Arg.: Oihane Lakar.

Psikofarmakoen laguntza, bide askotatik

Era askotako substantzia farmakologikoak daude mendekotasunak gainditzen laguntzeko, eta tratamenduaren hainbat fasetan erabil daitezke, bakoitzak eragin jakin bat baitu. Kokainaren eragina apaltzen edo guztiz itzaltzen duen disulfiran medikamentua bera, esate baterako, aspalditik erabiltzen da alkoholismoa tratatzeko. Batean eta bestean duen eragina, ordea, oso desberdina da.

Disulfiranak inhibitzen duen entzima, aldehido deshidrogenasa, alkoholaren metabolismoan parte hartzen duen entzima ere bada. Hortaz, inhibitzean, eten egiten da alkoholaren haustura-prozesua, eta, zehazki, azetaldehidoa metatzen da. Antabus deritzon efektua eragiten du horrek: alkohola edan duen pertsona gorri-gorri jartzen da, beroa sentitzen du, tripako mina, goragaleak, zorabioa... oso efektu agresiboa da, edateko tentaldia duenari ideia burutik kentzeko adinakoa.

"Oso esperientzia ona dut nik disulfiranarekin, askotan eman ditu emaitza onak", dio Loreak. Hori bai, edozeinekin ezin da. "Edateari utzi nahi dioten, eta, hein batean, behintzat, orekatuak dauden pazienteekin erabili behar da, ez abstinentzia-sindromeak jota daudenekin", gaineratu du.

Drogen mendekotasunetik askatzen laguntzeko substantzia ezagunik badago, substantzia hori metadona da. Heroinaren profil farmakologiko bera du, baina modu kontrolatuan hartzen dute drogazaleek; hau da, badakite zer, zenbat eta nola hartzen ari diren, eta osasun-ingurune batean hartzen dute. Bestalde, zaletasunak uzten hasten direnean agertu ohi den abstinentzia-sindromea tratatzeko botikak ere badaude. Gaur-gaurkoz, heroinak, opiazeoek, oro har, eta alkoholak eragindako abstinentzia-sindromeak apaltzeko tratamenduak daude. Ez dago horrelakorik, adibidez, kokainarentzat.

Drogak uzteko prozesuan gainditzen oso zaila izaten den beste sindrome bat droga hartzeko irrika da. Droga utzi eta zenbait hilabetez, edo urtez, izaten dute gogo handi hori; eta egoera jakin batzuetan batez ere. Oso ohikoa da, adibidez, erretzaileen artean entzutea "jada ez dut erretzen, baina, bazkalostean, izugarrizko erretzeko gogoa izaten dut".

© iStockphoto.com/Baris Onal

Pertsona horiek kontsumitzen zutenean sortu eta ikasi zituzten portaerak daude gogo handi horren atzean. Portaera bat da egoera jakin baten aurrean modu batean jokatzea. Drogamenpekotasun jakin batetik askatzen ari den norbaitek ikasitako egoera horietako batean aurkitzen badu bere burua, ikasitako portaera izateko joera izango du. "Prozesu mental horiek oso konplexuak dira, eta berriz kontsumitzen hasten direnen %80 tarteka sentitzen duten irrika horrengatik hasten dira", azaldu du Calladok.

Irrika horrek ez ditzan bultzatu gaixoak berriz ere kontsumitzera, psikoterapiaz baliatzen dira profesionalak. Baldintzapen hori desegitea da gakoa. Orduan, pazienteekin lan egitean, eta, zenbaitetan, irrika hori apaltzen duten substantziak lagun hartuz, azaldu egiten diete egoera jakin horretan daudenean droga hartzeko gogoa izango dutela, eta gogo horrek hasieran gora egingo duela, baina, arreta desbideratzea lortuz gero, eta itxarotea lortuz gero, azkenean behera egingo duela.

Garatu diren botikak, garatzeko bidean daudenak, eta seguru asko etorkizunean garatuko dituztenak, beraz, "lagungarriak bai, baina ez dira behin betiko konponbideak izango" drogaren baten mende daudenentzat, Lorearen ustez. Izan ere, garunaren berezko egitura eta funtzionamendua hein batean edo bestean eraldatua duten pertsonak dira. Hortaz, Calladoren arabera, "psikoterapien bidez ikusarazi behar zaie beren portaera okerra dela, eta nolabait zuzendu behar dutela".

Eta hori egitea ez da lan makala. Honela azaldu du Loreak: "Ez da erraza pertsona batek sen onez jokatzea, garuna hein batean aldatua baldin badu. Alkoholismoa duen bati ezin zaio esan egin behar duen gauza bakarra ez edatea dela. Hori baino askoz konplexuagoa da arazoa. Beren bizitza, bikote-, familia- eta gainerako konfidantza-harremanak hausten dituzte hainbatek, heroina-dosi zikin bat lortzeko! Horrek ez al du adierazten pertsona horien garunak bere funtzio garrantzitsuenak hankaz gora dituela?".

Emaitza desberdinak animalia-ereduetan eta pertsonetan
Animaliekin egindako saiakuntzetan emaitza onak badituzte ere, mendekotasuna gainditzen laguntzeko botiken eraginkortasuna mugatuagoa izan ohi da pertsonetan erabiltzen direnean. "Batzuen eta besteen portaerak oso desberdinak direlako gertatzen da hori --dio Koldo Callado medikuak--: arratoiekin eta saguekin lan egitean, egoera askoz kontrolatuago egoten da; hau da, denak berdinak dira, ematen zaizkien droga-dosiak ere berdinak dira, beti droga bera erabiltzen da, eta abar. Pertsonek, berriz, ez dute horrela funtzionatzen". Drogak hartzera eraman dituen motibazioa aldatu egiten da, eskuragarri duten droga-kantitatearen arabera gehiago edo gutxiago kontsumitzen dute... pertsonen portaera horrek ez du zerikusirik animaliek izaten dutenarekin.
Hori gutxi balitz, gainera, pertsonek hartzen dituzten drogak beste hainbat substantziarekin aizuntzen dituzte. Hortaz, drogarekin batera, eragin kaltegarria izan dezaketen beste substantzia batzuk ere hartzen dituzte. Heroinaren kasuan, adibidez, % 8 baino ez da izaten heroina. Eta, zer esanik ez estasiaren kasuan; gerta daiteke hartzen den guztiaren % 5 bakarrik izatea estasia. Beste guztia askotariko substantziak izan ohi dira. "Eta auskalo zer substantzia diren eta zer kalte eragiten duten. Azken batean, sintesi kimiko horiek ezkutuko laborategietan egiten dira normalean, eta oso nahasketa arraroak egiten dira", azaldu du Calladok.
Hala ere, oso garrantzitsutzat jotzen da drogek animalietan nola funtzionatzen duten aztertzea. "Batez ere drogen eragina ezagutzeko eta jakiteko gorputzaren zer mekanismok hartzen duten parte; hau da, ikusteko nondik nora eragiten duen droga jakin batek", gaineratu du.
Lakar Iraizoz, Oihane
3
269
2010
11
019
Medikuntza; Osasuna; Farmakologia; Anatomia/Fisiologia
Artikulua
28

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Saioa hasi

Erabiltzaile-izenik ez baduzu, eman izena

Pasahitza ahaztu zait

Jarraitu Zientzia.eus

Eduki gehiago

Gehitu zure bloga

Zientzia app

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzula. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak (Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak) diruz lagundua

Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
Gipuzkoako Foru Aldundia