}

Denak Martera

2003/07/01 Carton Virto, Eider - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Mars Express eta Mars Exploration Rover misioak Martera bidean dira jada. Batak zein besteak ibilgailuak jarri nahi dituzte Marten sei hilabete barru. Europako Espazio Agentziak sustatutako misioak Beagle 2 marteratuko du eta mugarria izango da Europarentzat, lehenengoz iritsiko baita beste planeta batera. NASAk, berriz, bi ibilgailu pausatuko ditu planeta gorrian. Guztiek uraren aztarnak aurkitu nahi dituzte.
NASA

Marte ezagutzeko grina ez da atzo goizekoa, eta ez da harritzekoa, batez ere, kontuan hartzen bada Lurretik nahiko hurbil dagoela eta kolorea ere berezia duela. Koloreaz gain, ordea, baditu beste berezitasun batzuk, eta horietan oinarrituta, hamaika ipuin eta uste zabaldu dira. Adibidez, 1870 inguruan, teleskopioaren bidez Marten ubideak ikusi zituela adierazi zuen Giovanni Schiapparelli astronomoak. Horrek zenbaiten imajinazioa piztu zuen, eta ubide horiek izakiak egindako ubide artifizialtzat hartu zituzten.

Gainera, urtaroen arabera, planetaren azaleko koloreak aldatu egiten dira; horregatik pentsatzen zen urtaro beroetan landaretza sortzen zela eta hotzetan, berriz, desagertu. Zientzia-fikziozko eleberrietan martetarrak, txikiak eta berdeak, azaltzen hasi ziren, eta 1898an H.G. Wells-ek teknologikoki aurreratutako martetarrek Lurra hartzen zutela kontatu zuen Munduen Gerra -n.

Beagle 2 lurreratze-moduluak ezkerrean ikusten den beso robotikoan ditu ikerketa egiteko instrumentuak.
Beagle 2 Project

Denborak aurrera egin ahala, espazioko esplorazioan egin diren urratsek bertan behera utzi dituzte uste horiek denak. Hala eta guztiz ere, Martek helburu izaten jarraitzen du, batez ere, hango geologia ezagunagoa egin den heinean. Marteko egitura geologiko batzuek Lurrean urak sortutakoen antza dute eta, ondorioz, azkeneko urteetan asko indartu da Marten noizbait ur likidoa egon delako hipotesia.

Ura aipatzearekin batera, segituan hasten dira biziaren inguruko espekulazioak. Izan ere, Marten bizia dagoela pentsatzea erakargarria da oso, eta, espazio-agentzietako kudeatzaileek badakite hori. Horregatik, NASAk dirua eta babesa eskuratzeko aitzakia moduan erabiltzen du, lotsa handirik gabe. Gainera, Lurrean muturreko kondizioetan bizi diren bakterioak aurkitu izanak erabat biribiltzen du hipotesia.

Ideia oso salgarria da eta espazioko misioak diru publikoz finantzatzen dira Estatu Batuetan. Horregatik, normalean ez dute jendearen irudimena zapuzten.

Mars Express , europarren aitzindaria

Europan ere gauza bera gertatzen da eta Europako Espazio Agentziak (ESA) uraren hariari heldu dio lehenengoz beste planeta batera iritsi ahal izateko.

Mars Express -ek Marteren atmosfera eta azala aztertuko ditu ia bi urtez.
ESA

Mars Express espazio-ontzia ekainaren 2an abiatu zen Baikonur-etik eta eguberrietan iritsiko da Martera, planeta gorriaren inguruko hainbat galderari erantzuteko asmoz: zein indarrek sortu zituzten azaleko egiturak? Zergatik amaitu ziren indar horiek? Edo horietako batzuek badihardute oraindik? Hasieran Marte epela eta hezea al zen, Lurraren antzera? Hala izan bazen, zerk desagerrarazi zuen ura? Bazegoen bizidunik orduan? Irauten dute bizidun horiek? Lurpeko akuiferoetan ote daude?

Galdera horiei guztiei erantzuteko, bi modutara aztertuko du Marte ESAk. Mars Express misioa Marte orbitatuko duen zunda batek eta Marten pausatuko den lurreratze-modulu batek osatzen dute. Dena ondo joanez gero, Mars Express -ek gutxienez urte martetar batean, hau da, 687 egun lurtarrez, orbitatuko du planeta gorriaren ekuatorea. Denbora horretan, Martetik hurbilen dagoen puntua mugitzen joango da, tresna zientifikoek azalera guztiaren datuak bildu ahal izateko. Batez ere, Marteren atmosfera nolakoa den jakiteko balioko dute neurketa horiek, baita Marteren azalaren mapa global bat egiteko ere.

Hori egin aurretik, ordea, Beagle 2 lurreratze-modulua jaurtiko du Martera. Kalkuluen arabera, abenduaren 20a izango da egun handia. Beagle 2 -ak ez dauka propultsio-sistema propiorik eta, beraz, Marteren kontra jaurtiko dute. Moduluak bost egun emango ditu Marteko atmosferara iristeko eta, gero, hamar minutu baino ez azalean pausatzeko. Denbora-tarte labur horretan, atmosferaren marruskaduraren ondorioz, moduluaren pisua erdira murriztuko da, 60 kilotik 30era, eta bi paraxut irekiko zaizkio dezeleratu ahal izateko. Lurreratzea hiru airbagek samurtuko diote.

Isidis planitia, Europako Espazio Agentziak Beagle 2 pausatzeko aukeratu duen eskualdea. Elipse gorriak lur hartzeko eremua mugatzen du.
ESA

Ustekabekorik gertatzen ez bada, Beagle 2 -a Isidis Planitia gunean nonbait lurreratuko da. Orduan, eguzki-panelak eta lan-mahaia irekiko ditu. Beagle 2 -a bi kameraz, mikroskopio batez eta bi espektrometroz hornituta dago eta ibilgailuak azterketa geologiko eta mineralogikoak egingo ditu batik bat.

Isidis Planitia Marteko ekuatore aldean dagoen krater handi bat da. Iparralde laua eta krater asko dituen hegoaldea bereizten ditu eta, ESAren arabera, leku aproposa da uraren arrastoak topatzeko. Sumendi-kono txiki asko dago eta, Lurrean, magma eta ura lur azpian kontaktuan jarri eta lehertzen direnean sortzen dira horrelako egiturak. Horregatik aukeratu du ESAk eskualde hori Beagle 2 -a pausatzeko. Horregatik eta eskualdea laua eta ez oso harritsua delako. Horrenbestez, arrakastaz lurreratzeko egokia.

Ez da batere lan erraza izango lurreratze-modulua onik eta nahi den tokian pausatzea. ESAko ingeniariek behin eta berriz lurreratu dute Beagle 2 -a simulagailuetan, baina 200 kilometroko zehaztasunarekin jokatzen dute, eta kono horietako batetik gertu samar lurreratzen ez bada –kilometro bat edo bira lurreratzea litzateke onena–, lanak asko zailduko zaizkio ESAri. Kontuan izan Beagle 2 -ak ez daukala mugitzeko gaitasunik.

NASA, arantza kentzeko aukera

Meridiani Planum eskualdea eta Gusev kraterra. NASAren ibilgailuak bi gune horietan lurreratuko dira, hango sedimentuetan uraren aztarnak bilatzeko.
Argazkiak: NASA

Marten lur hartzea mugarria izango da ESArentzat eta, NASArentzat, berriz, duela lau urteko arantza kentzeko aukera. Orduan NASAk bi espazio-ontzi galdu zituen Marten, bat lurreratzen ari zela, eta oso kritika gogorrak jaso zituen, akatsak oso nabarmenak izan baitziren. Baina geroztik, batez ere 2001ean Marte orbitatzera bidalitako Mars Odissey ontziak egindako aurkikuntzei esker, burua altxa du NASAk. Mars Oddisey -k aintzira-oheak, ibai-oheak eta alubioi-lurrak diruditen egiturak detektatu ditu Marten, baita hidrogenoa ere. Zantzu guztien arabera, litekeena da hidrogeno hori ur-molekularena izatea, eta ur hori Marteko azalaren pean izoztuta egotea. Aurkikuntza horiek behin betiko laguntza eman zioten Mars Exploration Rover misioari.

Ibilgailuak urtarrilean helduko dira planeta gorrira, Beagle 2 -a baino egun batzuk geroago, eta europarrek bezain operazio konplikatuari egin beharko diote aurre NASAko ingeniariek ere. Baina, kasu honetan, nahi den tokian lurreratzen ez badira, gutxienez mugitzeko gaitasuna izango dute. Berez 90 egunez ibiltzeko energia dute eta egunean 40 metro egin ahal izango dituzte. Asko, 1997an Sojurner ibilgailuak 100 metro baino egin ez zituela kontuan hartuta.

Ibilgailuetako bat Gusev kraterrean lurreratuko da. Gusev kraterra sakona eta zabala da, eta han daude lehen aipatutako aintzira-oheak. Kraterra 900 kilometroko bailara batekin dago lotuta eta bien arteko mugan sedimentuak pilatu direla dirudi. NASAren hipotesiaren arabera, sedimentuak ur-lasterrek garraiatu zituzten hara.

Ibilgailua kraterraren puntu sakonenean lurreratuko da eta abrasio-tresna bat erabiliko du sedimentuen azaleko geruzak zulatu eta aztertzeko. Gainera, azpiko geruzek igorritako X izpiak eta alfa partikulak neurtuko ditu sedimentuen konposizioa ezagutu eta zein kondiziotan sortu ziren jakiteko.

NASAk Marten jarri nahi dituen ibilgailuek azterketa mineralogikoak egingo dituzte. Arrakasta izanez gero, hurrengo pausoa Martetik laginak ekartzea izan daiteke.
NASA

Bitartean, beste ibilgailua Meridiani Planum eskualdean arituko da lanean, Marteren kontrako aldean. Han, lurrazala geruzatan antolatuta dago, Lurreko eskualde sedimentarioen moduan, eta hematite minerala dago, burdinaren oxido bat.

Mineral hori ugaria da Marten, horregatik ikusten dugu gorrixka, baina ez forma kristalinoan. Meridiani Planum eskualdean, berriz, kristalizatuta dago. Lurrean hematitea uraren presentzian kristalizatzen denez, Marten gauza bera gertatu zela uste dute ikertzaileek. Ibilgailuak, potentzia handiko mikroskopio baten bidez, hematite-pikorren tamaina eta orientazioa aztertuko ditu, minerala nola sortu zen argitzeko.

Ikusten denez, uraren aztarnak aurkitzea da bi misio hauen helburu edo aitzakia nagusia. Baina ura ez da ikertu nahi dituzten egitura geologiko horiek azaltzeko aukera bakarra. Zenbait geologoren ustez, litekeena da europarrek ikertu nahi dituzten sumendi-konoak karbono dioxido solidoak sortuak izatea. Marteko atmosfera batez ere karbono dioxidoz osatuta dago eta poloetan ere ugari dago izoztuta. Zenbait geologoren arabera, labarekin kontaktuan, karbono dioxidoa modu lehergarrian lurrunduko litzateke eta Marten ikusten diren bezalako konoak sortu.

Estatubatuarrek ikertu nahi dituzten eskualdeetan, berriz, jarduera bolkanikoak ordezkatuko luke ura. Hipotesi horren arabera, agian sumendiek isuritako errautsek sortu zituzten sedimentuen geruzak, eta Gusev kraterrean laba-lasterrak ibili ziren, ez ura. Ildo beretik, hematite kristalinoa sortzeko beste bide bat burdin asko duen laba beroa oxidatzea dela esaten dute hipotesi bolkanikoaren defendatzaileek.

Nork ote du arrazoi? Bi misio hauek argituko al dute eztabaida? Agian. Edo, askotan gertatzen den legez, galdera berriek are gehiago korapilatuko dute auzia. Edonola ere, azpimarragarriena ez da Marteko geologia urak marraztu izana. Ez al da harrigarriagoa gugandik 100 milioi kilometrora dagoen planeta baten geologiaz hainbesteko zehaztasunez aritzea?

Zergatik misio denak orain?

NASAk Martera bidali duen lehen roverraren ibilbidea
Iturria: Cornell U.

NASA eta ESA biak batera abiatu dira Martera. Nahita eginda dirudi eta hala da. Izan ere, espazio-ontziak ezin dira edonoiz bidali beste planetetara. Jatorriak eta helburuak posizio jakin batzuetan egon behar dute, bidaia ahalik eta motzena izateko eta ahalik eta erregai gutxien gastatzeko. Lurra, Marte eta Eguzkia hogeita sei hilez behin lerrokatu egiten dira eta espazio-agentziek orduan bidaltzen dituzte misioak. Aurten, gainera, lerrokatuak egoteaz gain, aspaldian baino gertuago daude Lurra eta Marte. Beste hamabost edo hamazazpi urtean ez dira hain gertu egongo, eta, ondorioz, espazio-agentziek ez dute aukera galdu nahi izan.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia