COVID-19aren osteko leheneratze osasungarri baterako manifestua kaleratu du OMEk

2021/03/15 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Osasunaren Mundu Erakundeak COVID-19a gainditzeko eta etorkizun osasungarria izateko gomendioak argitaratu ditu, ingurumena eta pertsonen bizimodua aintzat hartuta. 

Hain zuzen ere, OMEk adierazi duenez, COVID-19aren ondorioz ehunka mila bizitza galdu dira, eta, seguruenik, munduko ekonomiak  atzeraldirik okerrena izango du, 1930eko hamarkadatik. Baina, COVID-19a atzean uztean, aurreko normaltasunera itzultzea ez da nahikoa. Munduak ezin du COVID-19 neurriko hondamendi berririk onartu, ez hurrengo pandemiaren ondorioz, ez eta ingurumenaren suntsiketa edo klima-aldaketagatik ere. 

Hortaz, gobernuak herrialdeak suspertzeko inbertsioak agindu dituztela eta, sei gomendio egin dizkie OMEk. Lehenengoa, natura zaintzea, hura baita gizakion osasunaren iturria. Gogorarazi du natura-baliabideak direla ekonomiaren oinarria: airea, ura eta elikagaiak. Eta pertsonek ingurumenean eragiten dituzten presioek, baliabide horiek urritu ez ezik, gaixotasunak sortzeko arriskua areagotzen dituztela. 

Hala, hitzez hitz dio: “COVID-19 osteko indarberritze-plan globalek, eta bereziki etorkizuneko izurrien arriskua murrizteko planek, gaixotasun-agerraldien detekzio goiztiarretik eta kontroletik harago joan behar dute. Ingurumenean dugun eragina ere murriztu behar dute, arriskua jatorrian murrizteko”.

Bigarren gomendioa funtsezko zerbitzuetan inbertitzea da, hasi ura eta saneamendutik eta energia garbietaraino, bereziki osasun-zentroetan. Adibidez, AEBn aire garbiaren legea aurrera eramateko inbertitutako dolar bakoitzeko, estatubatuarrek 30 dolar irabazi dituzte aire-kalitatean eta osasunean.

Energia-trantsizio azkarra bultzatzea da hirugarrena. Horrekin, Parisko Hitzarmena betetzeaz gain, herritarrek osasunean irabaziko lukete. Laugarrena elikagai-sistema osasungarriaren aldekoa da, eta bosgarrenak hirigintza du jomugan, eta berariaz aipatzen du hiriak oinezkoentzat bihurtzeak dakarren onura.

Azkenik, jarduera kutsatzaileak herritarren zergekin finantziatzeari uztea da seigarren gomendioa. Izan ere, urtero, herritarren zergatatik 400.000 dolar bideratzen dira erregai fosiletara. OMEren esanean, erregai kutsatzaileek eragiten dituzten kalteak haien prezioan islatuko baliz, erdira jaitsiko lirateke airearen kutsadurak eragindako heriotzak, laurden bat baino gehiago murriztuko lirateke berotegi-gasen isuriak, eta munduko BPGaren % 4aren adinako diru-sarrerak bilduko lirateke.

OMEren iritziz, COVID-19ak eragindako krisiak erakutsi du herritarrek erabaki politiko zailenak ere babesten dituztela erabakiak hartzeko prozesua gardena bada, datu eta ebidentzietan oinarritua, eta inklusiboa, eta, aldi berean, helburu argia badu: beren osasuna, familiak eta bizibideak babestea, interes partikularrei lagundu beharrean. Horregatik, uste du une egokia dela bestelako politikak erabakitzeko eta ezartzeko, herritarren babesarekin.