}

Cluster II, errautsetatik birsortutako fenixa

2000/10/01 Irazabalbeitia, Inaki - kimikaria eta zientzia-dibulgatzaileaElhuyar Fundazioa Iturria: Elhuyar aldizkaria

1996ko uztailaren 4a. Kourou-ko jaurtiketa-basetik Ariane 5 jaurtigailuak ke eta su artean espaziorako bideari ekin zion. Saioa ustela izan zen. Leherketa itzel batek jaurtigailua eta muturrean zeramatzan Cluster misioko lau sateliteak txiki-txiki egin zituen.

Gertaera horrek ez zituen ESAko arduradunak eta zientzialariak etsiarazi eta aurtengo uztail eta abuztuan Baikonurreko jaurtiketa-basetik abiatu dira, Soiuz jaurtigailuak eramanak, haren biki den Cluster II misioaren lau sateliteak. Historia, dena den, 1986an hasi zen. ESAk, bere Horizons 2000 zientzi programaren barnean, bi misio elkarlotu proposatu zituen lehen mugarri bezala. Batak, Cluster izenekoak, Lurraren geruza magnetikoan (magnetosferan) azkar gertatzen diren aldaketak aztertuko zituen eta besteak, SOHO (SOlar and Heliospheric Obsevatory) delakoak, Eguzkiak Lurrerantz jaurtikitzen dituen eguzki-partikula energetikoak aztertuko zituen.

Harez gero gertatutakoa ezaguna da: SOHOren arrakasta, gure izarrari buruz datu-andana bildu eta aurkikuntza asko egin baititu, eta Clusterren istripu atsekabea.

Espazioa ez dago hutsik

Planetarteko espazioa ia hutsik badago ere, ez dago erabat hutsik. Bertan, Eguzkiak abiadura supersonikoz jaurtikitzen dituen partikula kargatuak, elektroiak eta protoiak batez ere, nagusi dira. Partikula-korronte honi eguzki-haize esaten zaio. Zorionez, Lurraren eremu magnetikoa aski indartsua da eguzki-enbata horretatik babesteko, ez baitu partikula horiek Lurraren azaleraino iristen uzten. Lurretik gertuko espazioan, eguzki-haizeak eta Lurraren eremu magnetikoak topo egiten duten tokian, hainbat geruza eta eskualde berezi agertzen dira. Horiexek aztertuko ditu Cluster II misioak.

Eguzki-haizearen eta Lurraren eremu magnetikoaren arteko elkarrekintzaren lehen adierazlea Eguzkiari begira dagoen aldean agertzen den talka-uhina da (ikus irudia). Talka-uhin hori hegazkin supersonikoak soinu-langa gainditzen dutenean sortzen denaren antzekoa da.Eguzki-haizea planetaren magnetosferara hurbiltzen denean, partikula kargatuak bat-batean dezeleratzen dira eta, ondorioz, talka-gainazal izeneko eskualdea eratzen da.

Lurraren eremu magnetikoak babesten duen eskualdeari magnetosfera deritzo eta ur-lasterretan dagoen uhartearen modukoa da, etortzen zaizkion partikulak bi alboetatik joanaraziz desbideratzeko gai baita. Partikula energetikoak planetaren inguruan lerratzearen ondorioz, magnetosferak apaburu-itxura du: buru handia du Eguzkiari begira eta milioka kilometro luzatzen den isats luzea (magnetoisatsa) haizeberantz.

Bestetik, magnetosferak ertz edo muga nabarmena du: magnetopausa izenekoa. Eguzkiaren jarduera oso bortitza denean, eguzki-haizeak presio handia egiten dio magnetosferari eta galkatu egiten du gainazaletik 35.000 km-raino soilik ekarrita. Dena dela, Lurraren defentsa-lerroak ez dira guztiz sendoak; bi puntu ahul dituzte ipar eta hego polo magnetikoetan. Eguzki-haizearen partikulak eremu-magnetikoaren lerroei jarraituta magnetosferan zehar iragazi eta goi-atmosferara iristen dira. Horko atomoekin talka egiten dutenean aurorak sortzen dira, goi-latitudeetako zeruetan agertzen diren argi-ikuskizun txundigarri horiek.

Hain zuzen ere, Cluster II misioaren helburu nagusia aipatu eskualdeetako plasmaren mikroegiturak aztertzea da: eguzki-haize eta talka-gainazalekoa, magnetopausakoa, poloetako sakonuneetakoa, magnetoisatsekoa eta auroren eskualdekoa.

Nolako misioa

Cluster II misioa sinkronizatuta lanean ari diren lau satelitez osatuta dago. Dantza-estiloen izenak jarri dizkiete: Rumba, Tango, Samba eta Salsa, hain zuzen ere. Sateliteok fenomeno berari buruzko neurriak eta datuak aldi berean jasoko dituztenez, aukera izango da, lehen aldiz, Lurretik gertuko espazioan gertatzen diren aldaketa eta prozesuen hiru dimentsiotako azterketa fina egitea. Lau sateliteak elkarrengandik oso gertu daudenean, ehunka kilometro batzuetara besterik ez, eskala txikiko neurketa oso zehatzak egiteko gai izango dira. Halaber, elkarrengandik urrundu ahal izango dira, 20.000 km bitartean, gertatzen ari denaren ikuspegi zabalagoa jadesteko asmoarekin.

Era berean, satelitearen orbitak polarrak izateaz gain oso eszentrikoak izango dira: apogeoa 19,6 Lur-erradiokoa eta perigeoa 4 Lur-erradiokoa hain justu. Satelite bakoitzaren orbita-parametroak bereziki doitu dira, bakoitza magnetosferaren eskualde interesgarri bat zeharkatzen den aldiro tetraedro baten erpinean egon dadin. Espazio-ontzien arteko distantziak misioan zehar doitu egingo dira aztertzen ari diren egituren tamainaren arabera.

Rumba, Tango, Samba eta Salsa espazioan dira jada, Lurraren orbitan. Aurki lanean hasiko dira inguratzen gaituen eremu magnetikoaz datu-andana jaso eta bidaliz, eta urte batzuen buruan, magnetosfeari eta bertan jazotzen diren prozesuei buruz irudi zehatzagoa izango dute zientzialariek. Lanerako posizioetan daude laurak jada. Irailean zehar lan-tresneria esnatzen joango da. Tresneria pizteko segida sekuentziala izango da. Tresna bat lehenik espazio-ontzi batean piztuko da, gero beste batean, horrela laurak piztuta egon arte. Gero, udazkenean zehar tresna guztiak saiatu eta doitu egingo dira eta, azkenik, abenduaren hasieran 44 tresnak lanerako gertu izango dira Rumba, Tango, Samba eta Salsa.

Babesten gaituen ezkutuaren jarduera ulertzeko beste urrats bat izango da Cluster II, ez atzena ordea.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia