}

CAF-Elhuyar sariak banatu dira

2002/01/14 Carton Virto, Eider - Elhuyar Zientzia

Joan den ostiralean banatu ziren CAF-Elhuyar zientziaren eta teknologiaren dibulgaziorako sariak. Artikuluen alorrean klonazio terapeutikoari buruzko lanak jaso du lehen saria eta liburua idazteko beka, berriz, euskal enpresa txikiak aztertuko dituen liburuarentzat izan da.
Artikulu sarituen idazleak.

‘Euskal mikroenpresen demografia eta erregimen teknologikoak XXI. mendearen atarian’. Horixe da Iñaki Peña Legazkuek aurkeztutako liburu-proiektuaren izenburua eta 4.200 euroko beka jaso duena. Iñaki Peña Deustuko Unibertsitateak Donostian duen egoitzan (ESTE) irakasle da, eta beste bi irakasleren laguntza izango du ikerketa-lan hau egiteko: Maria Jose Aranguren eta Miren Larrearena.

Hain zuzen ere, orain bi urte Donostiako Udalaren Karlos Santamaria Beka irabazi zuten Donostia aldeko garapen ekonomikoaren azterketa egiteko. Aurrerantzean osatuko duten liburuan Euskadin zenbat mikroenpresa sortzen diren, nolakoak diren, eta gehienek zergatik egiten duten porrot aztertu nahi duela adierazi zuen Peñak. "Mikroenpresak hauskorrak izan ohi dira eta hiru edo lau urte baino gehiago irauteko arazo handiak izaten dituzte. Hamarretik zortzi lehenengo urteetan ixten dira. Ekimen publikoak oso garrantzitsuak dira horrelako enpresa oso txikien kasuan" argitu zuen. Iñaki Peñak urtebeteko epea izango du proiektua liburu bihurtzeko.

Klonaziotik minbizira

Artikuluen alorrean, Leire Escajedoren ‘Klonazio terapeutikoaren mitoak: egiak eta gezurrak.’ lanak jaso du lehen saria. Leirek kritika egin dio klonazioa, enbrioiak, ama zelula eta terapia nahasi nahi izanari eta gaur egun egoera zertan den garbi azaldu du. Epaimahaiaren ustez, artikulua guztiz atsegina eta oso ongi garatutakoa da eta, azken orduko berrikuntzak aipatzeaz gain, ikuspegi globala eskaintzen asmatu du. Leire Escajedo zuzenbidean lizentziatua da eta, EHUko Lan Harremanetarako Eskolako irakaslea izateaz gain, EHUren eta Deustuko Unibertsitatearen arteko Zuzenbidea eta Giza Genoma katedran dihardu lanean.

Iñaki Peñak Kepa Altonagaren eskutik jaso zuen beka. Kepa Altonagak orain bi urteko saria jaso zuen ‘Armand David: pandaren aita’ liburua idazteko.

Bigarren saria ‘.....eta halako batean sokak agertu ziren’ artikuluarentzat izan da. Gorka Azkune Galparsorok gaur-gaurko Fisikaren erraietara eraman gaitu eta supersoken teoria garrantzitsu eta zaila era dotore, erakargarri eta ulergarrian aurkezteko lan berezia egin du, horretarako irudi egokiak, kontzeptu argiak eta euskara bizia erabiliz.

Hirugarren saria Iker Anega, Juan Jose Jubete eta Karmele López de Ipinaren ‘Ahotsaren bidez mugak gainditzen’ lanak jaso du. Epaimahaiak adierazi duenez, artikulu honek agerian jarri du teknologiaren eta ongizatearen arteko lotura estua, eta gaixotasunaren aurrean jadanik garatu diren laguntza-bide berriak zertan diren garbi azaldu du. Ahotsaren bidez garatu den teknologia hori, bestalde, Euskal Herriko ikertzaile-talde baten lanaren ondorioa da eta, duen berezko balioaz landa, gure-zientzia komunitatearen berri eman izana ere oso aintzat hartu dute.

Azkenik, idazle gazteentzako sari berezia Gorka Oriveren ‘Tumore-angiogenesia’ lanari eman dio epaimahaiak. Artikuluan minbiziaren aurkako tratamendu-mota ugarien arteko bat azaltzen da, ikerketa-lerro horretan ohizkoak diren prozedura eta ekintzak irakurle arruntak erraz ulertzeko moduan azaldu ere.

Emaitza onak

Leire Escajedok artikulu onenaren saria jaso zuen ‘Klonazio terapeutikoaren mitoak: egiak eta gezurrak.’ lanarengatik.

Zortzi urte igaro dira Elhuyarrek, zientziaren dibulgazioa sustatu nahian CAF-Elhuyar sariak abian jarri zituenetik eta, izan duten onarpena ikusita, sasoi betean daudela esan daiteke. Aurtengo deialdira 22 dibulgazio-artikulu eta 9 liburu-proiektu aurkeztu dira.

Epaimahaiaren arabera, partaide guztiek maila ona erakutsi dute eta zaila egin zaie sariak esleitzea. Idazleek gaurkotasun handiko gaiak aukeratu dituztela azpimarratu nahi izan dute, baita gaiak askotarikoak izan direla ere. Izan ere, garai batean natur zientziak ziren errege, baina geroz eta gehiago heltzen zaie bioteknologiari eta teknologia berriei.

Bestalde, Elhuyar elkarteko lehendakari Inaki Irazabalbeitiak CAF-Elhuyar sariak sortzean zeuden helburuak betetzen ari direla nabarmendu nahi izan du, asko baitira CAF-Elhuyar sarietan parte hartzera animatu eta zientziaren dibulgazioaren bidetik jarraitu dutenak.

Saritutako artikuluak Elhuyar Zientzia eta Teknika aldizkariaren otsaileko alearekin batera argitaratuko dira.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia