Biziaren arrasto zaharrenetakoak aurkitu dituzte iturri hidrotermal izandako arroka batzuetan

2017/03/01 Etxebeste Aduriz, Egoitz - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Kanadako Nuvvuagittuq gerrikoan aurkitutako arrasto fosilak. Ezkerretik eskuinera, mikrohodiak, harizpiak, eta karbonatozko erroseta. Arg. Matthew Dodd

Gutxienez 3.770 milioi urteko mikroorganismoen arrasto fosilak aurkitu dituzte, itsas hondoko iturri hidrotermal izandako arroketan. Ezagutzen diren biziaren arrastorik zaharrenetakoak lirateke. Nature aldizkarian eman dute aurkikuntzaren berri.

Kanadako ipar-ekialdean dagoen Nuvvuagittuq gerrikoa izeneko arroketan aurkitu dituzte arrastoak. Aurretik egindako datazioen arabera, 3.770 eta 4.290 urte artean dituzte arroka horiek, eta garai hartan itsas hondoko iturri hidrotermalak zirela jotzen da. Orain, arroka horietan hodiak eta harizpi-formako egiturak aurkitu dituzte, itsas hondoko iturri hidrotermaletan bizi ohi diren mikroorganismoek sortzen dituzten egituren antzekoak. Horrez gain, jarduera biologikoaren beste adierazle batzuk ere aurkitu dituzte; burdin-oxidozko granuluak eta karbonatozko errosetak, esaterako.

Duela hilabete batzuk izan genuen Groenlandian aurkitutako 3.700 milioi urteko estromatolitoen berri. Itsasertzeko sakonera gutxiko uretan bizi ziren mikroorganismoek utzitako aztarnak ziren haiek. Bi aurkikuntza hauek iradokitzen dute garai hartarako bizia anitza zela, eta itsasoan ongi hedatua zegoela, itsasertzeko sakonera gutxiko uretatik itsas hondoko tximinia hidrotermaletara.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia