Birusak garuneko minbiziaren aurka
2001/05/23 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia
Birus hibridoa glioma izeneko minbizi-motaren aurka da eraginkorra; beraz, berri garrantzitsua da, garuneko minbizien artean hori delako zabalduena eta, orain arte, gehienetan hilgarria zelako. Izan ere, gliako zeluletako minbizia da, eta haiek garunaren euskarri direnez, organo osoan daude barreiatuta. Ondorioz, kirurgia bidez kentzea ezinezkoa izaten da eta, gainera, kimioterapia eta erradioterapia bidez ere ez da emaitza onik lortzen.
Ipar Karolinako Duke Unibertsitateko ikertzaileek, alde batetik, polioaren birusa zelula barnera CD155 proteinari esker sartzen dela ikusi zuten eta, bestetik, gliomako zelulek ere proteina hori ekoizten dute. Horrela, polioaren birusa katarroarenarekin nahasi zuten eta, saguetan egindako ikerketen arabera, gliomari erasotzeko gai zela frogatu zuten. Horretarako, saguak genetikoki eraldatu behar izan zituzten, saguen garunak ez duelako berez CD155 proteinarik ekoizten. Beraz, sagu horien bizkarrezurreko muinean birusa sartu eta, dosi bakarrarekin, zortzigarren egunerako glioma guztiz desagerraraztea lortu zuten.
Horretaz gain, gizakietan polioa ikertzeko primateak erabiltzen dira eredu moduan. Polioaren birus arruntek nerbio-sistema zentraleko neurona motorrei eragiten diete eta, ondorioz, paralisia eta, kasu batzuetan, heriotza sortzen dute. Birus hibridoarekin egindako probetan, ordea, primateek ez zuten inolako kalterik izan.
Orain, Duke Unibertsitateak, gizakietan proba klinikoak egiteko birus-prototipo bat presta dezan, Minbizi Institutu Nazionalaren diru-laguntza jaso du.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia