}

Birus batekin egindako litio-ioizko bateriak

2009/04/08 Kortabitarte Egiguren, Irati - Elhuyar Zientzia

Biomolekulekin bateria bat egiteko teknologia garatu dute. Birus bat erabilita, litio-ioizko bateriak ekoitzi dituzte MITeko ikertzaileek. Ikertzaileek M13 birusa genetikoki eraldatu dute, eroale onak diren elektrodoak “eraikitzen” lagundu dezan. Horretarako, birusaren gainazalean burdin fosfato amorfoa hazteko eraldatu dute birusa. Material hori, berez, ez da eroale ona. Dena den, baterietarako material egokia da nanoeskalan maneiatzen denean. Birusaren muturrak karbonozko nanohodiekin lotzeko modukoak izan daitezen diseinatu dituzte. Izan ere, baterien artean elektrizitatea hobeto garraiatzen laguntzen du sare-egitura horrek.

Merkatuko litio-ioizko baterien antzeko errendimendua du bateria horrek, eta gutxienez 100 aldiz kargatu eta deskargatu daiteke, agortu gabe. Etorkizunean, litekeena da elektrodo horiek potentzia handiko baterietan txertatzea eta ordenagailu eramangarrietan nahiz ibilgailu hibrido elektrikoetan erabili ahal izatea.

Irudia: Yun Jung Lee eta Dong Soo Yun

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia