}

Biodiesel batzuk bakarrik babestuko ditu Europar Batasunak

2012/10/23 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Biodiesel-ekoizpenari buruzko legedia aldatuko duela iragarri du Europar Batasunak, elikagaiekin lehiatzen duen ekoizpena mugatzeko. Hala,  2020. urtetik aurrera, algetatik, lastotik eta biomasa-hondarretatik eratorritako biodiesela baino ez du bultzatuko Europar Batasunak.
biodiesel-batzuk-bakarrik-babestuko-ditu-europako-
Neiker-Tecnalia biodiesela ekoizteko mikroalgak ikertzen ari da. - Arg. Neiker-Tecnalia

Hori baino lehen, landareak bioerregaiak egitera bideratzeak elikagaiak garestitzea dakarrela salatu izan dute hainbat taldek. Orain, lege-aldaketarekin, badirudi Europar Batasunak arrazoia eman diela neurri batean, % 5era mugatuko baititu elikatzeko balio duten baina biodiesela lortzeko asmoz egindako landaketak. Dena dela, biodiesela ekoiztean ingurumenari eragindako kaltea gutxitzeko helburua ere badu lege berriak, eta horretarako neurriak ere proposatzen ditu.

Espainiako bioerregaien industriak ez du begi onez hartu aldaketa, dagoeneko % 5 baino gehiago ekoizten baitute helburu horrekin. Aldiz, lege berriak mesede egingo dio mikroalgetan oinarritutako ekoizpenari. 

Hain zuzen ere, biodieselerako mikroalgen ekoizpena eraginkorragoa eta errentagarriagoa izateko ikerketa bat koordinatzen ari da Neiker-Tecnalia. Proiektuak Energreen izena du, eta helburua da mikroalgek ohi baino are lipido gehiago ekoiztea eta metatzea, biodieselaren ekoizpena areagotzeko. Horrez gain, mikroalgetatik olioa atera ondoren geratzen den hondarra nola aprobetxatu ere aztertzen ari dira, digestio anaerobikoaren bidez biogasa lor baitaiteke.

Biodiesela egitera bideratutako mikroalgei buruz gehiago jakiteko, irakurri "Mikroalgak, gasolindegietako hornitzaile" artikulua (Elhuyar, 268. zenbakia).
.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia