Bikingoen ondare genetikoa

2001/03/19 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Establimenduen liburua izeneko Erdi Aroko testu islandiarrak lehenengo emakumezko islandiarrak Britainiar Uharteetatik joan zirela dio eta gizonezkoak, aldiz, Eskandinaviatik migratu zutela. Science aldizkariaren arabera, egin berri den azterketa genetiko batek folklorean gordetakoa baieztatu du.

Ipar Atlantikoko uharteetan mitokondrioetako ADNa aztertu dute eta emakumezkoen % 60k jatorri britainiarra duela ikusi dute, gizonezko kolonizatzaile gehienak Eskandinaviatik joan ziren arren.

VIII-XI. mendeetan, bikingoek Ipar Europako lurralde zabalak konkistatu zituzten, baita Britainiako ipar-mendebaldea ere. Handik Ipar Atlantikoko uharteak kolonizatu zituzten. Uharte horietako batzuetan populazio gaeliko txikiak (Eskoziako eta Irlandako zeltak) bizi ziren. Orain arte egindako azterketetan, markatzaile genetikoak erabili dituzte Islandiako populazioaren arbaso gaelikoen eta bikingoen arteko proportzioa jakiteko. Baina eskandinaviarren proportzioaren kalkuluak % 2tik % 86ra artekoak ziren.

Ikerketa berria mitokondrioetako ADNa aztertzean datza. Mitokondrioetako ADN obuluen bidez heredatzen denez, amaren aldeko etorkia zein den jakin daiteke. Reykjavik-eko eta Oxford-eko genetistek Britainia Handiko, Eskandinaviako eta Ipar Atlantikoko uharteetako 1.664 pertsonen mitokondrioetako ADNa aztertu dute, baita Europako beste herrialde batzuetako jendearena ere. Ikerketaren emaitzen arabera, Islandiako lehenengo emakumezkoen % 60ak jatorri gaelikoa zuela ondoriozta daiteke. Baina beste emaitza batek harritu zituen gehien: emakumezko bikingoak britainiar uharteetako biztanle batzuen arbasoak ziren. Adibidez, Orkney uharteko % 35ak, mitokondrioetako ADNaren arabera, jatorri eskandinaviarra zuen, eta Syke eta Mendebaldeko Uharteetako % 12ak ere bai.

Y kromosoma ere aztertu zuten ikerlariek eta Islandiako lehenengo gizonezkoen % 80 Eskandinaviatik joan zirela ikusi zuten. Bi azterketa horiek gizonezkoek eta emakumezkoek ez zutela elkarrekin migratu erakusten dute. Ikertzaileek gizonezko bikingoek emakumezko gaelikoak hartu zituztela uste dute, Islandiara eta Ipar Atlantikoko uharteetara migratu aurretik.

American Journal of Human Genetics aldizkarian argitaratu zuten mitokondrioetako ADNaren ikerketa, eta bai hori baita Y kromosomaren azterketa ere, Britainiar Uharteetako populazioaren dibertsitate genetikoa aztertzeko egitasmo zabalago baten barnean daude ( Oxford Genetic Atlas Project ).