}

Bideoa eta telefonoa eskutik eskura

1996/05/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Argazkiko telefonoak bideo-sistema berria erabiltzen du eta horri esker, telefonoko hizketaldiaz gain, irudiak ere jaso ahal izango ditu.

Ondoko irudian ikus dezakezuen aparatua aurki modaren azken punta izango da, Japonian bederen. Matshshita konpainiak jarri du merkatuan, baina oraingoz esperimentazio-fasean dago. Telefonoak bideo-sistema berria erabiltzen du eta horri esker, telefonoko hizketaldiaz gain, irudiak ere jaso ahal izango ditu. Hasiera batean, telefono-deia egiten duenaren irudia baino ez du jasoko aparatu berriak, baina etorkizunean, bideo-sistemaren erabilera arrunta, hots, grabazioa eta erreprodukzioa, egiterik izango omen du.

Aparatu berria merkaturatu aurretik, Japoniako telefono-sarean egin dira esperimentuak. Izan ere, bideodun telefonoak makina bat oztopo tekniko ekarri du. Batetik, bideo sistemaren eta telefonoaren miniaturizazioaren arazoa konpondu behar izan dute. Bestetik, datuak ulertzeko sistema berriak erabili behar izan dituzte, irudia eta audioa batera jasotzean nahasketa sor ez dadin. Izan ere, uhinen bidez garraiatzen den informazio-kopurua gero eta handiagoa da eta horrek zenbait kanal asetzea eragin du.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia