Bidean ikasitakoa

2020/05/10 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

COVID-19ak eragindako krisian kontraesanak eta zalantzak ugariak badira ere, aditu guztiak bat datoz konfinamendua arintzeak fokuak berpizteko arriskua dakarrela eta litekeena dela neurriak berriro zorroztu behar izatea. Hala ere, egoera ez litzateke pandemiaren hasierakoa izango. Izan ere, nahiz eta oraindik galdera asko dauden erantzuteko, asko da bidean ikasitakoa.

Birusaz. Dagoeneko ez da guztiz ezezaguna. Badakite nolakoa den eta zein den haren jatorria. Ez dakite nola iritsi zen gizakietara, baina genoma deskodetu dute. Pertsonatik pertsonara ahotik kanporatutako tantaxken bidez transmititzen dela berretsi dute. Zer zeluletara sartzen den eta nola ere argitu dute.

Gaitzaz. Ikusi dute ez dela gripe txar bat, ezta ohiko pneumonia bat ere. Ez die denei berdin erasaten; batzuei, zirkulazio-sisteman eta garunean ere eragiten dizkie kalteak. Eta hilgarria ere izan daiteke. Alabaina, beste batzuek sintoma arinekin edo guztiz oharkabean gainditzen dute infekzioa.

Izurriaz. Geldiezina izan da. Hasieratik, eta lurralde gehienetan, jarri zaizkion hesi guztiak eraitsi ditu, bata bestearen atzetik. Txinan, gaixoak bakartzetik eta kutsatuak detektatzetik hasi ziren; hiri osoak berrogeialdian jarri zituzten gero; mugitzea debekatu; konfinamendua agindu. Alferrik. Neurri eraginkorrak ezartzeko gai izan aurretik, izurria Europara eta beste kontinenteetara hedatu da. Diagnostikoak eta aurreikuspenak berandu egin dira.

Prebentzio-neurriez. Zenbat eta lehenago ezarri, orduan eta eraginkorragoak dira. Norbanakoetatik hasi eta gizarte osoa barne hartzen dutenetara ezarri dira. Norbanakoei dagokienez, besteekiko 1,5-2 metroko tartea uztea eta eskuak eta gainazalak maiz garbitzea dira eraginkorrenak. Eta maskarak derrigorrezkoak dira lurralde askotan. Populazio osoan, konfinamendua baliagarria izan da pandemiaren gorakadari eusteko. Teknologia berrien erabilera mugatua izan da, baina zenbait lekutan oso baliagarriak izan dira. 

Osasungintzaz. Lehendik osasun-sistema sendoa eta baliabide nahikoak zituzten herrialdeek eman dute erantzun onena. Osasun langileak eskarmentuaren poderioz joan dira ikasten eta egokitzen jarraibideak. Orain, badaude profesional trebatuak, eta esperientzian eta ikerketetan oinarritutako jakintza dute. Ospitaleak ez ezik, medikuntza prebentiboa eta osasun publikoa funtsezkoak direla ikusi dute.

Tratamenduez. Ez dago berariazko sendagairik, baina ari dira sintomak eta patologia arintzen duten botikak probatzen, baita plasma-transfusioak egiten ere. Gero eta ebidentzia gehiago dago jakiteko zer den eraginkorra, noiz eta norentzat. Sendagai berriak garatzeko ikerketak martxan daude, baita txertoenak ere.

Zientzia-arloaz. Nazioarteko lankidetza inoiz baino azkarragoa eta emankorragoa izaten ari da. Agerian geratu da diziplinartekotasuna gakoa dela, eta beharrezkoa dela politiketan zientzialariek duten erabaki-ahalmena eta ardurak definitzea.

Pertsonez. Zahar etxeetako egoiliarren eta langileen egoerak, dibertsitate mentala dutenenak, etxeko langileenak, kalean bizi direnenak, lanik gabe geratu direnenak... azaleratu du bizitza erdigunera ez dela lelo hutsa, bestelako politikak egiteko oinarria baizik. Gizakia espezie altruista dela ere berretsi da, eta izaki soziala dela.

Asko da bidean ikasitakoa. Ordaina garestia izan da; ezin da alferrik galdu.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia