Betelgeuse, ez hain handia, ez hain gertukoa

2020/11/03 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia

Betelgeuse. Izen horrekin edozer gauza izan daiteke, munstro bat edo errege bisigodo bat. Baina ez. Izar baten izena da, eta nik esango nuke, begi hutsez hobekien ikusten den izar gorria dela. Hain zuzen, Orion konstelazioaren izarretako bat da.

Arg. ESO/M. Montargès et al. (moldatua)

Izar handia, ezaguna eta oso ikertua da. Eta handia eta gorria denez, astronomoek badakite azken faseetan dagoela. Garai batean txikiagoa eta zuria zen, baina haren gainazaleko hidrogeno gehiena kontsumitu duenez, gainazala hoztu eta haren kolorea zuritik gorrira aldatu zen. Hau da, izarra heriotza-prozesuan sartu zen.

Izar baten heriotza milaka urte luza daiteke. Hala ere, ez dakigu zenbat denbora igaro den Betelgeuse-ren kasuan prozesua hasi zenetik.  Baina 2019ko bukaera aldera, Betelgeusek distira galdu zuen. Oso modu azkarrean, hilabete gutxi batzuetan. Eta astronomoak izugarri harritu ziren.

Egia da izarren heriotzaren azken fasea oso dinamikoa izaten dela. Nukleoan duten hidrogenoa erre eta helioko geruza bat sortzen da; helioak izarra trinkotu eta berotu egiten du eta beste erreketa bat jartzen du martxan. Helioa bera fusionatzen da azken erreketa horretan, eta konprimatze-zabaltze ziklo batzuk egin ditzake izarrak (izarraren masaren baitan prozesua aldatu daiteke).

Izar handietan, azken urratsa leherketa bat da. Betelgeusek hori egingo du, baina ez dakigu noiz. Kontua da, azken hilabeteko distira-galtze horrek alarma-egoeran jarri zituela astronomoak. Gertatuko da? Eta gertatzen bada, noiz izango da? Ala distira-galera ikusten dugu, gure eta Betelgeuseren artean hautsezko hodei bat pasatu delako?

Alarmak piztu ziren, eta horrekin batera, Betelgeuse berraztertu zen. Naiara Barrado EHUko astronomoak bidali dizkit azken ikerketen emaitza batzuk. Eta emaitza harrigarri samarrak aurkitu dituzte. Batetik, badirudi hautsaren hipotesia zuzena dela, eta aldi berean, izarraren heriotzaren pultsu horietako bat ere ikusi dugula. Distira galdu eta berreskuratu duela nonbait. Baina ez dirudi Betelgeuseren azken leherketatik gertu gaudenik. Ehunka mila urte igaro daitezke lehertu baino lehen.

Baina, agian, harrigarriena da Betelgeuse beraren ezaugarriak ez direla uste genituenak. Oso izar ezaguna zen guretzat, edo hala uste genuen, baina azken ikerketen arabera ez da uste genuen bezain handia, eta ez dago uste genuen bezain urruti. Izar handia da; haren erradioa Eguzkiarena baino 750 aldiz handiagoa da. Baina guk uste genuen handiagoa zela. Bestalde, uste baino gertuago dago, 530 argi-urtera, gutxi gorabehera.

Begi hutsez gorrixka ikusten den izar hori, seguru asko, ez dugu lehertzen ikusiko. Baina zerbait gehiago ikasi dugu hari buruz.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia