}

Besteen gainetik korrika

2007/05/28 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia


Bristolgo Unibertsitatean, zoruko zuloez arduratzen diren inurri batzuk aztertu dituzte. Zuloek traba egiten diete inurriei janaria inurritegira eramateko bidean. Horregatik, zuloa dagoen tokian inurri bat sartzen da (edo gehiago), besteak haren gainetik pasatu ahal izateko. Horrela, inurri garraiolariak azkarrago mugi daitezke, autoak zulorik gabeko errepide batean bezala.

Zuloak estaltzen dituzten inurriak ere garraiolariak dira; beraz, inurriak aukeratu beharrean izaten dira: zuloak estali edo, estali gabe, ale guztiek janaria garraiatu. Bristolgo biologoek aztertu dute Eciton burchelii espezieko inurriek zer erabaki hartzen duten; biologoek zuloz betetako bide batetik pasarazi dituzte, eta intsektuen erabakia zuloak estaltzearen aldekoa dela ikusi dute. Horrela, taldearen garraio-abiadura asko handitzen da, eta, epe luzera, inurritegira iristen den janari-kantitatea handiagoa da bidean trabarik ez badago.

Argazkia: Scott Powell

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia