Beste elefante bat?

1997/09/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Sabanako elefantea (Loxodonta africana izenekoa) ez da Afrikan bizi den bakarra. Izan ere, oihaneko elefantea ere kontinente berean bizi da. Azken hau txikiagoa, meheagoa eta belarri biribilduagokoa da eta nekez ikus daiteke. Gorilen antzeko dieta du (fruituak, baiak, etab. jaten ditu) eta arrak normalean bakarrik bizi ohi dira.

Sabanako eta oihaneko elefantea Afrikan bizi diren elefanteak dira. Bai, horretan ez dago zalantzarik, biak elefanteak dira. Baina R. Barnes-ek dioenez espezie desberdinak izan daitezke eta jakina, denak ez datoz horrekin bat.

Orain arte jendea ez da horretaz asko arduratu, baina Kaliforniako San Diego-ko Unibertsitateko Richar Barnes-ek ADNa analizatuta bi elefante-barietateak erabat espezie desberdinak izan daitezkeela iradoki du. Parisko Historia Naturaleko Museoko Pierre Pfeffer ordea, ondorio horren kontrakoa da erabat. Ugaztunetan aditua den zientzilari honen arabera, sabanako elefanteak eta oihanekoak elkar ernaldu eta ondorengoak izan ditzakete. Beraz, inola ere ez dago bi espezie direla esaterik.

Pfeffer-ek dioenez, bi espezie direla kontsideratzeak boliaren merkatua irekiarazi egingo luke. Izan ere, oihaneko elefantea espezie desberdintzat hartzen bada, harrapatu ahal izango da, debekuak sabanako elefantea besterik babesten ez duelako.