}

Berrehun gaztetxok hartu zuten parte IV. Zernola Olinpiadaren festan

2006/05/22 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Elhuyar Fundazioak, www.zernola.net web gunearen bitartez, IV. Zernola Olinpiada jarri zuen abian pasa den urrian. Guztira, Euskal Herriko 63 ikasgela aritu dira lehian ikasturtean zehar, eta, azkenik, Loiuko Lauro ikastolako DBH 1B gela izan da irabazlea. Iruñeko Jaso ikastolako DBH 2 gela izan da bigarren sailkatua, eta hirugarrena, berriz, Loiuko Lauro ikastolako DBH 2A. Maiatzaren 19an ospatu zuten olinpiadaren amaierako festa Iruñeko Planetariumen, eta han egin zen sari-banaketa.
IV. olinpiadako garaileak, poz-pozik.

Urritik maiatzera, ikasturte osoan zehar, Euskal Herriko 1.200 ikasle inguru aritu dira hilero Zernolak proposatzen zizkien probak gainditzen. Hainbat gai landu dituzte: zientzia-dibulgatzaile bihurtu eta urakanen ezaugarriak azaldu dituzte, urpeko munduan murgildu dira, teknologian benetan trebeak direla erakutsi dute, Hubble teleskopioa konpondu dute... Guztia, zientzia eta jolasa uztartuz.

Hori da, hain zuzen ere, Zernola Olinpiadaren helburua: zientzia dibertigarria dela erakustea gaztetxoei. Baliteke askori iruditzea helburu zaila dela, baina gaztetxoek kontrakoa frogatu dute.

Proba guztietan gogor saiatu dira, eta sormen handia dutela erakutsi dute. Besteak beste, txotxongiloak, antzerkia, bertsoak eta bestelako baliabideak erabili dituzte emaitzak aurkezteko, eta, gainera, lehiaketa Internet bidez egiten denez, formatu digitalean bidali behar izan dituzte. Ez dute, beraz, lan makala egin!

ikasgela bakoitzak ikuskiuzn txiki bat prestatu zuen festarako.

Olinpiada amaitu berri da, eta olinpiadaren amaiera ospatzeko, festa bat egin zuten maiatzaren 19an Iruñeko Planetarium-en. Ezustekoz betetako jaia izan zen, eta berrehun ikaslek baino gehiagok hartu zuten parte.

Lehenengo sailkatuaren saria gela guztiarentzako bi eguneko egonaldia izan da, Zuatzako uhartean; Arabako Foru Aldundiari esker jaso dute sari hori. Bigarren sailkatuak Plentziako aterpetxean bi eguneko egonaldia egiteko aukera izan dute, Bizkaiko Foru Aldundiari esker. Azkenik, hirugarren sailkatuak egun-pasako txangoa egin du Sobronera (Araba), eta han arku-tiroa, kanoan ibili, eskalatu eta beste hainbat jarduera egin dituzte, Sobron Abentura taldearen eskutik.

Nolanahi ere, proba bakoitzaren ondoren, irabazleek hainbat sari jaso dituzte, Eusko Jaurlaritzak, Berria-k, Donostiako Aquariumek, Gaztetxulo aldizkariak, Zientziaren Kutxaguneak, Kukuxumusuk eta Karpin Abenturak emanda. Eta festan ere parte-hartzaile guztiek izan dute oparitxo bat. Ondo irabazia dute, alajaina!