}

Begi bioartifizial onena

2020/06/03 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia

Blade Runner pelikula gogoratu dut aste honetan, Blade Runner klasikoa, 1982ko pelikula. Sekuentzia batean, begi artifizialen fabrikatzaile bat agertzen da, Hannibal Chew. Erreplikanteen begiak egiten ditu, hau da, gizakiak diruditen robotentzako begiak. Eta horretaz gogoratu naiz, Nature aldizkarian begi artifizialak nola egin ikertzen duten aditu batzuen lana argitaratu delako. Noski, giza begia oso konplexua eta fina da eta teknologia bidez begi bat ondo imitatzea oso zaila da.

begi-bioartifizial-onena
Begi bioartifiziala Arg. Nature

Kamera bat begi artifizial bat da, eta gaur egun kameren fabrikazioa gaindituta dugu, baina ez gara horretaz ari. Pertsona bati begi artifizial bat jarri beharko bagenio, oso traste konplexua beharko genuke, makina edo gailu oso sofistikatua. Horretaz ari naiz.

Zailtasunetako bat, beharbada handiena, begiaren atzealdean dago, erretinan. Denok dakigu begia esfera bat dela. Gelatina batez beteta dago, humore beirakara deitzen dena. Eta oso modu sinplean kontatuta, esferaren aurrealdean leiarren sistema bat dago (irisa, pupila, kristalinoa eta abar), eta atzealdean berriz, barrualdetik argia harrapatzen duten sentsoreak. Zelula fotosentikorrak erretina deitzen dugun barne geruza horretan daude. Egitura konplexua da. Sentsore-mota asko ditugu: batzuek argitasuna harrapatzen dute, bastoiak; beste kono batzuek, argi gorria eta antzekoa; beste kono batzuek argi berdea; eta azken batzuek argi urdina. Baina kono horien kopuru ezberdinak ditugu: kono gehienek argi gorria harrapatzen dute, gainontzekoen gehienek argi berdea eta gutxi batzuek urdina. Eta sistema hori guztia nerbioen bidez konektatuta dago garunera; nagusia nerbio optikoa izanik. Nerbioetan eta garunean irudia interpretatu egiten da. Benetan konplexua.

Bada, hori dena imitatu behar du begi artifizial batek, eta esan bezala, aste honetan bada horri buruzko artikulu bat Nature aldizkarian. Hong Kong-eko zientzialari batzuek begi artifizial oso aurreratu bat egin dute, sekulako teknologia duena. Erretina hainbat materialez egindako esfera-erdia da, (argia ondo harrapatzen duen forma bat), perovskitako sare hemiesferiko batekin, eta hori da geruza horren sentikortasunaren gakoa. Erretina artifizial horrek poro txikiak ditu, eta poro horietan konektatuta nerbioak daude,  nanohariak. Metal likidoz osatuta daude, eta gai dira jasotako argiaren seinalea pasa eta berriz hasierako egoerara itzultzeko 24 milisegundotan.

Horrela kontatuta, agian, egitura artifizial robotiko baten itxura hartzen diogu, besterik ez. Baina, hain zuzen ere, horrekin begi naturalaren ezaugarrietara hurbiltzen da, eta asko. Biomimetika harrigarria da. Guk ikusten dugun abiaduran ikusten du, zehaztasun berarekin eta ia ikusmen angeluar berdinarekin.

Izugarrizko aurrerapena izan da lehenagoko begi artifizialekin konparatuta. Izugarrizkoa. Egunen batean, ikusmena galdu duen jendeak baliatu ahal izango ditu horrelako begi artifizialak ia besteok bezala ikusteko berriz ere.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia