}

Baso garbiek poluzioaren inguruko hausnarketa eragin dute

2002/01/24 Elhuyar Zientzia

Litekeena da ipar-hemisferioko basoak ezin pentsatuzko eran aldatu izana poluzioaren eraginez. Aurkikuntza berri bati esker, poluitu gabeko basoek eta poluitutakoek nitrogenoa ezberdin erabiltzen dutela ikusi da. Gizakiak nitrogenoaren zikloan izan duen eragina berriz aztertzera bultzatu ditu horrek hainbat ikertzaile.

Gizakiak nitrogeno-kopuru itzelak gehitu dizkio lurraren ekosistemari. Horrek izan dezakeen eragina ulertzeko, basoek poluitu aurretik zuten funtzionamendua ikertu dute. Cornell Unibertsitateko ekologistek Lurra behatzen jardun dute poluzio txikieneko guneen bila eta Txile eta Argentinako oihan basatietako 100 erreka aukeratu dituzte. Erreka horietan nitrogenoaren % 75 baino gehiago organikoa dela aurkitu dute. Aldiz, Europa eta Ipar Amerikako baso-erreka eta -ibaien % 70 nitrogeno ez-organikoz osatua dago. Nitrogeno ez-organiko horrek oxigenoaren, hidrogenoaren eta metalen molekulak izaten ditu; organikoak, ordea, karbonoarenak soilik.

Azken mendeetan, ongarri eta erregai fosilen erabilerarekin, gizakiak izugarri handitu du biosferako nitrogeno-kopurua eta nitrogeno horren zati handi bat ibai eta itsasoetara jaurti da. Erreka-inguru askotan, nitrogeno-hazkunde horrek bertako landareen zein animalien aldaketa ekarri du. Horrela, nitrogeno-erabiltzaile diren espezie askok gaina hartu diete baldintza xumeagoetan bizi ziren bizidun askori. Ondorioz, nitrogeno-emisioak poluitzaile gisa ikusteko beharra ekarri du, naturaren zikloa gehiago alda ez dadin.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia