}

Barrea ez da txantxetako kontua

2001/12/30 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Estatu Batuetatik iristen diren telesailetako barre-soinuak beti berdinak badira ere, hamaika eratako barreak daude: barre-algara ozenak eta irriño lotsatiak, irri karkaila builosoak eta erdi-ezkutuko irribarre isilak, isekaz beteriko barre faltsuak eta pozaren adierazpen garbiena diren irrintziak...

Zientzialarien arabera, pertsonaren sexuaren araberakoa ere bada barre egiteko era: gizonezkoek ufa eta kurrinka gehiago igortzen omen dituzte; aldiz, emakumezkoen barrea kantariagoa dela diote. Nolanahi ere, barre egitean erabiltzen den tonua hizketarakoa baino askoz altuagoa da.

Ikertzaileek oinarrizko maiztasuna neurtu dute, eta emakumeen barrearen maiztasuna hizketarenaren bikoitza dela ikusi dute, gutxi gorabehera 2000 Hz-ekoa. Gizonezkoen kasuan, hizketarako tonua emakumezkoena baino baxuagoa izanik ere, haien barrearen maiztasuna 2,5 handiagoa da eta 1000 Hz-era iristen da.

Neurketa akustikoak alde batera utzita, barrearen inguruan argitu gabeko alderdi asko daude. Esate baterako, oso eragile ezberdinekin lor daiteke barre-algara, eta horrek barrearen jatorriari buruzko eztabaida pizten du. Izan ere, zer da barrea? Nerbio jakin eta zehatz batzuk kitzikatuta lortzen den erantzun mekaniko edo fisiologikoa? Ala barneko emozioak agerrarazten dituen jarduera psikologiko baten ondorioa?

Kilimak serio hartzeko modukoak dira

Erantzun mekanikoaren teoriaren aldeko adibide garbia dira kilimak. Kontrakoa dirudien arren, kilimak serio hartu beharrekoak dira, ez baita erraz ulertzen batzuei barrea eragiten dieten bitartean beste batzuentzat jasangaitzak izatea. Hain izan daitezke desatseginak, ezen Erdi Aroan tortura metodo bezala erabiltzen zituzten. Beste muturrean, aldiz, kilimak eginez umea barrez leherrarazten duen gurasoaren irudia dago.

Gizonezkoen eta emakumeen irriak zeharo ezberdinak dira.

Aristotelesi gaia nahiko sakona eta serioa iruditu eta hainbat gogoeta egin zuen haien inguruan. Filosofo ospetsua kilimak ustekabean egiten direnean eraginkorragoak direla ohartu zen; horregatik da hain zaila norberak bere buruari kilimak egitea. Mende batzuk geroago, Baconek eta Darwinek ere gai horri buruz idatzi zuten, eta XIX. mendean psikologo batzuek kilimen sailkapena egin zuten. Orain dela gutxi, berriz, kilimekiko sentikortasun handiena duen gorputzeko atala galtzarbea dela adierazi zuen Kaliforniako Unibertsitateko ikertzaile batek. Horren ondoren datoz, hurrenez hurren, gerria, saihetsak, oinak eta belaunak.

Kilimek eboluzioan garrantzi handia dutela diote hainbat psikologok. Itxuraz, borroka egitean agerian gelditzen diren gorputzeko zatiak kilimekiko sentikorrenak dira aldi berean. Ondorioz, kilimak jasotzean egiten dituzten babes- mugimenduen bidez, borrokarako prestatzen dira umeak.

Beste ikerketa batzuk barrearen alderdi psikologikoa argitzen saiatu dira. Beti uste izan da, egoera beraren aurrean, barre gehiago egiten dela giro egokian egonez gero. Nolabait, aurretik gogoa "berotu" edo prestatu egiten da, eta giro neutroan baino grazia handiagoa egiten du txiste berak. Beraz, txantxarako gogoz egonik, kilimekiko erreakzioa ere handiagoa izango zela uste zen. Berriki egindako ikerketa batek, ordea, kilimekiko erreakzioan beroketak ez duela eraginik frogatu du. Ondorio horretara iritsi dira, behintzat, ikerketaren egileak. Haien esperimentuan bi ikasle-talde erabili zituzten: talde bati film komikoak ikusarazi zizkioten kilimak egin aurretik, baina kilimek ez zieten besteei baino grazia handiagoa egin

usteak ustel

Broma gutxi neuronekin!

Egoera absurdoek eta jokoek barregurea ematen dute.

Ikertzaileak gehien harritzen dituen aldeetako bat zera da: erantzun bera sortzea hain eragile ezberdinek, hala nola, txiste edo txantxa umoretsu bat entzuteak, albokoak estropezu egiteak, norbera agerian gelditzeak, kilimak jasotzeak eta abar.

Asko dira barrea zerk eragiten duen azaltzen duten teoriak; horietatik lau dira ezagunenak: nagusitasunaren teoria (Hobbes-ek emana), inkongruentziarena (Kant eta Schopenhauer), katarsiarena (Freud) eta jolasarena (Mulkay). Lehenengoaren arabera, norbait hurkoaren gainetik jartzen duten egoerek barrea eragiten dute, adibidez, albokoak hanka sartzen duenean. Aldiz, absurdoak eta kontraesanak barregura ematen digula dio inkongruentziaren teoriak. Katarsiaren teoriak dio barreak pilatutako tentsioak askatzeko balio duela; eta jolasarenak edozer gauzak eragiten duela barrea txantxetan hartuz gero.

Egoera absurdoek eta jokoek barregurea ematen dute.

Gaur egun teoria horiek azalpen partzialtzat hartzen dira. Horregatik, barrearen misterioa argitzeko asmoz, zientzialari askok muinera jo dute eta garunaren jarduera ikertu dute. Kaliforniako Unibertsitateko ikertzaile batzuen esanean, umorea kontrolatzen duen gunea garunaren ezkerreko goranzko zirkunboluzio frontalean dago. Hori frogatzeko, 16 urteko neska gazte bati eremu hori kitzikatu zioten: estimulua leuna zenean, neskatoak irribarre egiten zuen; eta estimuluaren intentsitatea handitzean, barrez lehertzen zen. Beste ikerketa askotan jariatzen diren hormonak, neuronen arteko loturak eta askatzen diren gai kimikoak aztertu dituzte, baina alderdi asko oraindik argitzeke daude.

Dena dela, nola eta zergatik ez badakigu ere, barre egitea mesedegarria dela ziurra da; are gehiago, zenbait sendagileren ustean, gaixotasunak uxatzeko metodo merke eta eraginkorra da. Beraz, ehun urtetik gora osasuntsu eta alai bizi bahi baduzu, egin barre tripak lehertu arte

baina tripak lehertzearena ez hartu hitzez hitz, noski

7k-n argitaratua.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia