Barraskiloen kide robotikoa
2004/01/21 Kortabarria Olabarria, Beñardo - Elhuyar Zientzia
Robota egin aurretik, Massachusetts-eko Teknologia Institutuan hilabeteak eman dituzte barraskiloen mugimendua aztertzen. Eta gauza bakarra egin dute, barraskiloen mugimendua imitatu.
RoboSnail -ek gomazko oin bat du, muki z-ko geruza fin baten gainean labaintzen dena, kasu honetan, muki hori silizio-olioa da. Eta lur gaineko beste lokomozio-moduetan ez bezala, barraskiloek ez dute trakzioa erabiltzen aurrera egiteko; mukia beren gorputz malguaren eta lurraren artean sartuta sortzen dute mugimendua.
Petrolioaren industrian erabilgarria
Petrolioaren industriak interesa azaldu du teknologia honetan, putzuak zulatzean izaten dituzten hainbat arazori aurre egiten laguntzeko. Izan ere, zulatzeko makinek beherantz baino ezin dute zulatu, eta komeni den sakonera lortzen dutenean, ezin dute alboetara zulatzen jarraitu. Teknologia berriak horretarako aukera emango luke. Bestalde, duten lokomozio-moduari eskerrak, petrolio-putzu likatsuetan mugitzeko aukera izango lukete RoboSnail moduko robotek.
Lokomozio-moduaz gain, barraskiloek badute beste alderdi interesgarririk: gorputzeko loturak ez daude agerian. Ondorioz, barraskiloetan oinarritutako makina bat, korrosioaren aurkako kautxuz babestuta, oso erabilgarria izango litzateke kimikoki erasokorrak diren inguruneetan.
Oraingoz, ikertzaileek RoboSnail hobetzen dihardute, haren kide naturala, barraskiloa, guztiz imitatzen duen bertsioa lortu arte.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia